Ostiral eta larunbat honetan, ehunka lagunek parte hartuko dute Erandioko Unbe mendian izango den motorzaleen topaketan. Aurtengoa, Moto Astrabu klubak antolatzen duen hirugarrena da. Akarlanda parkera "hiru mila bat partaide" hurbilduko direla uste dute antolatzaileek. Bertan, Euskal Herri zein Espainia osoko motorzale taldeak izango dira. Besteak beste, kontzertuak, sari banaketak eta kostaldean zeharreko ibilaldia prestatu dituzte. Gainera, "motoziklismo munduko piloturik goraipatuena" ere gerturatuko da Erandio ingurura: Rondaldo Stuntmanek bi ikuskizun eskainiko ditu Astrabuduan. Topaketan parte hartzeko, tokian bertan izena eman beharko da, 5 euro ordainduta. Akarlanda parkera bertaratutako lagunek euren kanpin dendak jartzeko tokia izango dute, bertan lo egin dezaten. Argazkian, 2008ko abuztuaren 9an dozenaka motorzale batu ziren Astrabuduako San Lorentzo jaietan, errepide bazterreko hesiek motor gidariei dakarkieten arriskuaz ohartarazteko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!