Atzo jasotako uholdeen behin behineko balantzeari dagokionez, alkate getxoztarrak aipatu du udalerria normaltasuna berreskuratzen ari dela. Makaletako Etorbideko errepidea eta Larrañazubiko sarbidea irekita daude eta Makaletako Etorbidean, Larrañazubin eta Akazia kalean kaltetutako etxebizitzetatik 8 lagun, azkenik, hoteletara eraman dituzte. Landak emandako datuen arabera, euriak 7 etxebizitzetan (3 Elkanon, 1 Akazian, 1 Larrañazubin eta 2 Makaletako Etorbidean); 9 garajetan (1 Akazian, 1 Makaletan eta Bizkerreko 26tik 32ra artekoetan); Salsiduko trasteleku batean, Makaletako soto batean, Elkanoko atalondo batean eta Kale Nagusiko 15. zenbakiko saltoki batean izan du eragina. Fadurako udal kiroldegian ez da kalterik izan eta instalazioak ireki dituzte gaur, barruko igerilekuak izan ezik, ur berorik ez baitago. Motoponpak sartu zituzten atzokoan Elkanoko zein Akazietako zenbait garajetan. Horrez gain, fatxada zati batzuk erori eta adar eta zuhaitz batzuk jausi ziren. Udaltzaingoak 30 bat aldiz jardun zuen atzo goizeko 9etatik 22:30era artean.
Hartutako neurriak
Alkateak, atzo bizi izandako krisi egoeraren aurrean kaltetutako auzotarrek erakutsitako "sendotasun eta ardura" nabarmendu ditu. Aurrekoetan bezala, berriro esan du, "aspertuta eta nekatuta gaudela era honetako egoerak pairatzeaz, gehiago edo gutxiago, eguraldiaren eta errekan duen eraginaren arabera”. Hartutako neurriekin batera, alerta egoera ezarri aurretik, udal Larrialdirako Plana eta Krisi Mahaia abiatu izanak eta Udalak hartutako beste hainbat neurrik, atzoko uholdeen ondorioak gutxitu dituzte, Landaren arabera. Atzo metro koadroko 107 litro euri izan ziren (2008ko ekainean izandako 72,6ren aldean). Udal Larrialdirako Planaren harira abiatutako jardueretan 130 lagunetik gora parte hartu zuten eta 50tik gora ibilgailu mobilizatu zituzten.
Larrialdi plana desaktibatuta
Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak desaktibatu egin du Uholdeetarako Larrialdi Plan Berezia ibaien ibilguen egoera eta "aldeko" bilakaera meteorologikoa ikusita. Hala ere, alerta horia martxan dago oraindik euriarengatik, eta egoeraren eta uholdeek kalteturiko zonaldeetako lanen "etengabeko jarraipena" egiten ari da. Herrizaingo Sailak prentsa ohar batean jakinarazi dutenez, Uholdeetarako Larrialdi Plan Berezia desaktibatzearen arrazoia ibaien ibilguen orain egoera eta eguraldiaren "aldeko" bilakaera dira, ez baita espero euri-erregimenaren okertzea. Hala ere, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritza egoeraren "etengabeko jarraipena" egiten ari da, eta uholdeek gehien kalteturiko zonaldeetan ere lanean jarraitzen dute. Bestalde, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentzia alerta horia mantendu du euriarengatik Euskal Autonomia Erkidegoan.