Bihar, ostiralarekin, Balkoitik Balkoira bertso ikuskizunaren 12. edizioa burutuko dute Algortako Portu Zaharrean.
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, oraingo honetan, Jone Uria Albizuri Uribe Kostako txapelduna eta Miren Amuriza Plaza Durangaldekoa arituko dira eta, ohi bezala, ekitaldia Algortako Etxetxu plazan izango da, 22:00etan. Bi bertsolariak azken Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko "errebelazioak izan dira", ALBEtik gogoratu dutenez. Balkoitik Balkoira bertso modalitate ikusgarrian, parte hartzen duten bi bertsolariek balkoi banatik botatzen dituzte euren bertsoak, 1802an Tolosan hasi zen tradizioa berpizteko asmoz. Oraingo honetan, ekitaldi honen hamabigarren edizioa izango da Algortan, 1998an San Nikolas plazan lehenengo aldiz ospatu zenetik, publikoaren erantzuna apartekoa izan zelarik. Argazkian, Amuriza Larrabetzun kantari, 2008ko Bizkaiko txapelketan.