Indarkeria matxista aurkako aldarria eguneroko kontua dugu, estatuak ere bere indar koakzionatzailea ere erabiltzen ei du horren aurka. Lehengo egunean bertan, gazte bat atxilotu zuten emakumezkoa bat ipurdia ukitzeagatik. Baina, hara! estatuaren beraren zerbitzari leial omen diren horiek, inoren begietatik kenduta, beren zuloetara eramandako emakumezko bati zer egin dioten. Ez da lehena izan Naia. Tamalez, ez da azkena ere izango, ziur asko. Bere testigantza ere ez da entzun dudan gogorrena ere izan, bere latzean; beste batzuei gauzakiak ere sartu dizkiete alutik edo ipurtzulotik. Eraso sexualak maiz gertatzen ei dira polizia-etxeetan, bai emakumezkoei eta ba gizonezkoei ere. Hala ere, gizarte-salaketa gutxi izaten dira, torturaren aurkako taldeena eta talde feminista batzuena ("batzuena", bai, ez denena). Bortizkeria sexistaren, matxistaren aurka titular handiez dabiltzan hedabide nagusiak mutu izaten dituk honelakoetan; "emakume bat gaizki tratatzen duena erruduna" dela dioen erakundea itsu, mutu eta entzungorra; kale-kontzentraziorik ez; udal adierazpen ahobetekorik ez;... eta berdintasunaren alde nahiz indarkeria matxistaren aurkako gizonezko mugimendua ere hildakoak bezain mutu.
Letra hauek idazten ari naizela barrena kiskalita dut, eta amorruzko malkoek begiak erretzen dizkidate. Ez nago hotzean pentsatzen "zer den egokiena", zer gerta dakidakeen garraxi egiten badut Espainiar zerbitzari armadun horiek, estatu oso baten indar eta babes lotsagarriaz, sarritan nire herrikideak, euskal herritarrak, torturatu egiten dituela hiltzea desiratzen duten arte ere; eta nire amak, arrebak, neska-lagunak, amamak, izebak, lehengusinak,... diren euskal emakumezkoak (baita gizonezko asko ere) bortxatu egiten dituela, krudelkeriaz, sadismoz, batere gizatasunik gabe eta inpunitate gorrian.
Eta horrexegatik ere, garraxika dei egiten diet gizonezko guztiei, baita heuri ere, halakoak sala ditzagun ozen, argi eta garbi; zeren ez baitago indarkeria matxista handiagorik, emakumeenganako (eta gizonenganako) bortizkeria sexista handiagorik estatu baten zerbitzariek, hain zuzen jendea halako gaitzetatik babesteko daudenek, estatuaren baliabidez eta zigorgabetasunez, eragindako tortura eta tratu txarra baino.
Iñaki Kasares, Berdintasunaren aldeko Gizon Mugimenduko kidea.