Eric Sardinas gitarristak eta abeslariak abiatuko du bihar Getxoko 22. Nazioarteko Blues Jaialdia. Kontzertuak lehenengo aldiz izango dira Algortako Biotz Alai plazan eta bertan ariko da artista estatubatuarra 21:00etatik aurrera, Big Motor bere taldearekin batera. Bihar, gainera, laguntzaile bikaina izango du taula gainean estatubatuarrak: Raimundo Amador, flamenko musikako gitarra-jotzailerik aipagarrienetakoa. Entzuten dituen soinu guztiak barneratzeko gaitasunari esker, flamenkoa beste musika estiloekin uztartu izan dituen aitzindarietakoa da Amador. Horrela, bera izan zen fusio arloan lehendabiziko urratsak eman zituzten talde esanguratsuen sortzailea: Veneno eta Pata Negra. Sardinasi dagokionez, (1970, Fort Lauderdale, Florida, AEB) sei urte besterik ez zituela hasi zen musikaren munduan, ikuspegi erabat bitxiarekin, hasi ere: ezkerra izan arren, gitarra normaltasun osoz jotzen zuen eskuineko eskuarekin eta, horregatik, neurri handi batean, teknika oso espezializatua landu ahal izan du. Argazkian, Eric Sardinas / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!