Alerta laranja egoeran bizi izan genuen atzoko eguna, euriteak zirela eta. Dena dela, Leioan ez zuten kalte larririk eragin ur jasek, udal iturriek adierazi dutenez. Euren hitzetan, hartutako neurriak, alerta dispositiboaren antolakuntza eta herritarren partaidetza funtsezkoak izan dira gaur kalte larririk ez izateko. Zonalde bi dira atzo arrisku gehien izan zutenak. Batetik, Santa Anako Grupo Ibaiondo auzunea, itsasadarraren parean kokatuta egoteagatik. Zonalde horretako garaje guztietatik kotxeak atera zituzten eta azkar ibili ziren lanean uholdeak ekiditeko. Bestalde, Getxo eta Leioa artean dagoen autobia urez gainezka zegoen atzo, Gobela ibaiaren gorakadaren eraginez. Horrek Leioako hainbat hodi kaltetu zuen, baina aldez aurretik behe solairuan kokatutako etxeetan zakuak jarri ziren eta horrek kalteak saihestu zituen. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!