Gaur, ostirala, erakusketa egingo du Algortako Telletxe plazan Getxo udalerriko hainbat elkarte batzen dituen Auzotarrok plataformak. Hitzordua 19:30ean jarri dute. Ekimenean auzo ezberdinetan ematen diren arazoak publikoki aurkeztuko dituzte, tartean Gobela errekak sortutakoak daudela. Era berean, auzotarren parte-hartzean oinarrituriko irtenbideak proposatuko dituzte. Auzokideok Getxo udalerriko hainbat auzotan sortzen ari diren elkarteen topagune gisa jaio da. Elkarte horiek "auzotarren kontsentsurik eta oniritzi gabe onartutako aurreproiektuen eta osasun arazoen aurreko erreakzio moduan" jaio dira Getxo, Aldapa, Salsidu-Zubieta, Neguri Langile, Arrigunaga, Itzubaltzeta / Romo, San Nikolas edota Alangon, besteak beste. Horiei Antena Ez izeneko elkartea ere gehitu zaie. Udalak auzotarren parte hartzea bultzatzeko bideak daudela (Auzoz Auzo programako postontzia, egitasmoen aurkezpen publikoak edo batzordeak) ziurtatu arren, "erabakiak hartzeko ahalmenik gabe, gune horiek ez dute benetako edukirik eta tokiko erakundearen publizitate eta lausengu tresnak baino ez dira. Guk, ordea, uste dugu, auzo bakoitzean egin beharreko proiektuak diseinatzea eta erabakiak hartzea behetik gorako prozesu batean deliberatu behar dela, eta ez alderantziz, gaur gertatzen den legez", adierazi dutenez. Argazkian, Gobela inguruko bizilagunak protestan, obrak hasi aurretik.