Polizia bik deklaratu dute Lander Labajoren tortura salaketagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 18a, 13:55

Lander Labajo algortarra torturatzea leporatuta, inputatu gisa deklaratu zuten atzo Bilboko Auzitegian Espainiako Polizia Nazionaleko bi kidek, "Berria" egunkariak zabaldu duenez. 2007ko urriaren 17an atxilotu zuten, Uribe Kosta eskualdeko beste bost gazterekin batera. Polizia etxean hiru egun pasatu zituen Labajok inkomunikazio egoeran, eta ospitalera eraman behar izan zuten antsietate krisi batengatik. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gazte algortarra espetxeratzea erabaki zuen, eta egun kalean da, epaiketaren zain. Atxiloketa hartan parte hartu zuten bi poliziari deklarazioa hartu zien atzo Urko Gimenez Ortiz de Zarate Bilboko 7. Instrukzio Auzitegiko epaileak. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) jakinarazi duenez, epailearen galderak erantzun dituzte poliziek, baina akusazioaren abokatuek eginikoak erantzuteari uko egin diete. Argazkian, Indabadarekin batera kaleratu zuten urriaren 31n Lander Labajo.

Torturaren Aurkako Taldeak 2008an kaleratu zuen txostenean jaso zen Lander Labajoren testigantza:

Lander Labajo

Gauza onik ezin naiz akordatu urriaren 16ko gauetik 19ra, Entzutegi Nazionaletik pasa arte bizi izan nuenaz.

Oheratu eta lo seko nengoen eztanda bortitz batek kolpe batez zutunarazi ninduenean, une batez nire anaiari zer gertatu ote zitzaion pasa zitzaidan burutik, baserriko atera hurbildu arte eta bertan tentsioa nabaritu nuen, kanpoan entzuten ziren mugimenduek eraginda. Atea ireki eta bapatean nire gainera bota ziren polizia nazionalak. Baten belauna nire kaskezurra lurraren kontra indartsu zapalduz denbora luzez egon zen, eskuburdinak jarrita eta erdi biluzik egon arren. Egun, belaun horrek buruan eragin zidan mina nabari dezaket oraindik.

Nire “eskubideak” irakurri zizkidaten, nik eskubideak galduak nituela ulertu banuen ere. Urduritasuna nire gorputzaz jabetu zen, nire anaiagatik galdetu eta isiltzeko agindu zidaten. Jarraian, gaueko 1:30ak izango ziren, eskuko erlojuari kasu egin niolako, miaketa lanetan hasi ziren. Gelaz gela joan ziren, tartean zegoen guztia hankaz gora ipiniz.

Interesatzen zitzaizkien gauza denak bahitu, funtsik gabeko gauzak barne, esaterako Txorimalo Gaztetxeko kartelen bat, Bilbogres komunetarako aparatuen dendaren triptikoa, etab luze bat. Gela bakoitzeko miaketa amaitu ostean, polizia zientifikoa sartzen zen beraien lana egitera. Orotara, 100 froga baino gehiago hartu zituztelakoan nago, sofa eta ohe bakoitzetik ileak eta horrelako aztarnak; txanoak, zapatilak, arropak, poltsak… ez dakit zer eta zenbat, pila bat!

Baserria egin berri, bukatu gabe dago, hortaz imajina daiteke zenbat gauza eta nahaste egon daitekeen. Ba, 5 ordu eman genituen nire partea, nire anaiaren partea eta garajea miatzen. Ordu luze horietan ez nuen nire anaia ikusi ezta sentitu ere, inoizko bakardaderik galduenean sentitu nintzen. Muntai polizial baten aurrean nengoela hausnartua neukan, baina nire etxean topatu zezaketenarekin lasai nengoen: manifa batean jasotako AHTren aurkako liburuxka bat, lagun artean grabatutako pelikularen zintak, zapi batzuk etab.

Goizeko 6ak aldera auto batean sartu eta Indautxuko komisariara eraman ninduten. Bertan, fitxa poliziala eta nortasun frogak egiteko. Jarraian, auto berdinera gidatu eta eskuburdinak atzean lotuta eta burua behera begira nuela, Madrilerako bide luzeari ekin genion.

Orduan hasi ziren mehatxuak, intimidazioak, Nik jadanik, antsietate krisi baten nengoela igartzen nuen, baian hobe nuen nire ahuldade horretaz ezer ez esatea, nire gorputzaren mugimendu espasmotikoek agerian uzten bazuten ere. Kotxe barruan jaso nituen lehenengo kolpe eta zaplazteko intimidagarriak. Egia esateko, bai orduan eta bai inkomunikazio guztian zehar kolpeak jasateko beldurrik ez nuen izan, konortea galtzeko esperantzarekin edo. Madrileko koartelera ailegatu eta nire zulora eraman ninduten. Hortik aurrera izan nituen sartu irtenak ezin zenbatu. 15 zentimetrotako 12 baldosa zabal eta 18 luzeran (6 baldosa luzerako altilloa zegoen bertan entzuteko) zeukan ziega horrek orduak ziruditen minutuak izozten zituen, galdeketak gela txiki eta itxietan egiten zizkidaten, beraiek bideratutako erantzunak jasoko zituzten, baina nire burua eta eskuak garbi nituela eta salatu arazi nahi zidaten, besteena ere garbi zeudela esan nien etengabe. Buruan kolpeak jasota ere, bultzakadak, tentsioa igotzeko irainak, mahai eta horman emandako kolpeak… Tonu eta tentsioaren gorabeherekin asko jolasten dute. Hauetako baten, nire ziegan zutik egoteko agindua eman zidaten. Noizean behin tranpilla ireki eta kaputxadun begi batzuk kontrolatzen nindutela, ez dakit zenbat denbora emango nuen, baina azkenerako nire gorputzaren nekeak lurrera erortzea erabaki zuen. Lurrera erori eta berehala heldu ziren beste galdeketa batera eramateko.

Ez dakit zeinean ezta noiz, baina deklarazioa hartzera joan ginen beste gela txiki batera. Ofiziozko abokatu batekin batera, auskalo, ez baitzuen ezer esan. Deklarazioak ez zuen ezer apartekorik esaten, arraro samarra. Laster etorriko ziren berriz tonu altuago batekin panfleto batzuengatik galdetzen, Arkaitzengatik galdetzen oihukatzen, presionatzen…

Bigarren deklaraziorako galdeketetan biluztu arazi ninduten, pistola ipurditik sartuko zidatela mehatxatuz. Mehatxu eta presio psikologikoak min gehiago ematen zidaten eta tratu aurrera egiteko esan nien. Ertz batean egon nintzen biluzik beste txakur bat etorri zen arte eta arin-arin jantzi eta ziegara bueltatzeko. Minutu batzuetan mediku forensea heldu zen nire ziegara, baina ni ez nintzen mediku horretaz fidatzen nahiz eta tratuan oso jatorra zirudien. Batzuetan txakurrak ere jarrera jatorra hartzen zuten, ja! ADN frogak ere aho barrutik txistuaz baliatuta atera zuten. Bitartean nire urduritasuna, antsiedade krisi baten bihurtuta areagotu egiten zen kontrolatu gabeko mugimenduak sortuz, Momentu baten egoera bukatzen ez zela ikusita, nire burua ziegako altillotik behera botatzeko ideia buruan eduki nuen. Sikieran ospitalera joateko leku ilun arrotz hori ordu batzuetan lagatzeko.

Holako baten, gure bila zetozen bakoitzean urrunetik entzuten genituen pausoen hotsa hurbiltzen zelarik, atea ireki eta mediku forensearengana eraman ninduten. Oraingo honetan mediku 2 zeuden, eta batek konfiantzazkoa zela esan zuen. Egoera hortan ez nintzen inortaz fidatzen, baina bera gaixotasunak nire barruko amorrua negar bidez askatzera eraman ninduen. Hasieratik jabetu zen nire urduritasun edo antsietate egoeraz, eta larrialdi egoeraz jabetuta ni ospitalizatzeko proposatu zuen. Batetik hori nahi nuen, bestalde inseguritateak traba egiten zidan, bidean gertatu zitekeenaz, inkomunikazioa luzatzera behartuko nituen ala ez…

Egia esan, nire gorputzaren mugimendu inboluntarioek nahi ez bazuten ere, anbulantzia medikalizatu baten txakurrek lagunduta bidali ninduten. Bitartean ondoan nuen polizia presioa sartzen jarraitzen zuen “hoy tambien me vas a dejar sin chingar?, te voy a tener que castigar” eta horrelakoak esaten. Ospitalera heldu orduko aurpegia lokarturik neukan, hitz egiteko zailtasunak nituela nire gainean hiru txakurren presioagatik ziurrenik. Belarritik oratzen ninduen batek, berba goxo bezain faltsuekin hortik arin ateratzea hobe neukala esanez.

Nahiko froga egin zizkidaten, tentsioa, pultsazioak, elektroa,erradiografiak… Hori bai, ez dut tratu inhumano hori inongo mediku, erizain ez inori ikusi. Psikiatra bat ere etorri zitzaidan, txakurraren ondoan galdeketa eginez, zelako profesionala! Noski, ez nien ezer esan, zer esan behar nien bestearen ondoan? Arin batean komisariako nire zuloan sartu ninduten, gaueko ordu txikiak izango ziren, 3ak, 4ak? Ospitalean, zainetatik barrena kalmanteak eta lasaigarriak sartu zizkidaten, behi bat lokartzeko moduan erizain batek esan zidanaren arabera. Baina begiak ezin itxirik egon nintzen denbora luzez.

Goiz goizetik mugimenduak hasi ziren berriz ere. Oraingo honetan Audientziara bidean geundela onartu zuten eta ordu batzuetan aske egongo nintzela, laster harremanetan jarriko zirela, pote bat hartzeko, lagun moduan (txibato moduan) informazioa jasotzeko.

Hortxe bukatu zen inkomunikazioaren amesgaiztoa. Audientziako ziegetan ohartu ginen 7 lagun geundela egoera berdinean. Hortxe hasi zen indar pilaketa, gure arteko lehen besarkadak… Ez, ez ziren besarkadak soilik, denok bat bihurtu ginenaren maitasun oihuak ziren; gure bihotzen garrasiak ziren… Kartzelara bidean, bakoitza bere kabinatik “txikia” abestia kantatu genuen, ezin ozenago. Gure askatasun gogo bananduezina erakutsiz, familia beraren semeak gara; enbor berdineko adarrak, sustrai berdineko arbolak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun