Guardia Zibilak presoen aldeko enkarteladako partaideak erretenitu eta identifikatu ditu Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 18a, 14:57

Euskal preso politikoen borrokaldiarekin bat eginez elkarretaratzea egin zuten 35 lagun inguruk atzo Berangon, 20:00etan hasita. Enkartelada egiteko momentuan Guardia Zibilak kontrolak zituen jarrita udalerriko sarreretan. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, 20:25ean kontrolak utzi eta elkarretaratzearen aldera joan ziren. "Bildutakoak dena jaso eta bertatik zihoazenean Guardia Zibileko GAR taldeko 6 Nissan bide erdian gelditu eta poliziak korrika joan ziren kontzentrazioan izandakoengana. 30 minutuz erretenituta izan zituzten elkarretaratzean izandako pertsona guztiak eta banan banan identifikatu zituzten", Etengabe bitakoran azaldu dutenez. Erretenitutako herritarrak "Indar okupatzaileak kanpora" garrasi egiten hasi zirenean, guardia zibil batek borra luzagarri bat atera eta aurre egin zien, eta eztabaida potoloak izan zituzten guardia zibilekin, gaineratu dutenez. "Aupa gizonak" abesteari ekin zioten orduan erretenituta zeuzkaten lagunek. Identifikazioak amaitu eta alde egin zuten polizia armatuek. Argazkian, Guardia Zibilaren polizia operazio bat Algortan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun