Guggenheimeko uretan berragertu da Itsasoruntz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 19a, 19:05

Inguruan zebilen jendearen harriduraren aurrean, gaur eguerdian, Uribe Kosta eskualdeko hamar surflarik egin dute salto itsasadarreko uretara, Bilboko Guggenheim museoaren parean. Ez zen, baina, olatuaren gailurrera igotzea euren asmoa. 2006ko urriaren 21ean Algortako Portu Zaharrean hartutako konpromisoei eutsiz, "gatazka politikoari irtenbidea ekarriko dion prozesua abiarazteko, bultzada txikia eskaintzeko asmoz" busti dira berriro Itsasoruntzeko kideek. "Askatasunaren eta justiziaren teilatupean, benetako demokrazia oinarri duen bakea erdiestea eskakizun kolektiboa da, lehentasun politikoa da. Izan ere, une larrien gainetik, guztiz beharrezkoa dugu Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbidea aurkitzeko pausu sendoak ematea", gaineratu dutenez. Hurrengo hilabeteetarako ekimen gehiago iragarri dituzte. Argazkia: cc-by Itsasoruntz. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Itsasoruntzek zabaldutako oharra:

Prozesuaren alde, busti zaitez!

Itsasoruntz, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbide bat aurkitu nahi dion prozesuari bultzada txiki bat emateko helburuak gidatua sortu zen. Algortako Portu Zaharra irribarrez, indarrez eta itxaropenez bete genuen 2006ko urriaren 21ean: kolore ezberdinetako jendeak jauzi egin zuen uretara, neskak zein mutilak, gaztetxoak eta helduak. Ilusioa metatzea lortu genuen. Eta proiektu berriak irudikatzen hasi ziren hainbaten buruetan: dagoeneko txinparta airean zegoen, sua lortzea besterik ez zen falta. Ekimena txiki geratu zen eta, sarearen bila joan ziren ausartenak. Itsasoruntz sarea, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren osotasunari behin-betiko konponbidea aurkitu nahian dabilen olatu sorta, itsas-bazterreko surflari, arrantzale zein bainulari mordoa.

Baina egoera okertu egin zen. Oholak batu eta lehorreratu egin behar izan genuen orduan. Hasierako helburua, ordea, ez dugu burutik kendu denbora guzti horretan, une batez ere. Pazientzia handiz, itsasoari begira aritu gara, olatu hobeagoak noiz etorriko zain. Eta oraingoan, berriro ere, aurpegian sumatu dugu kresala. Askatasunaren eta justiziaren teilatupean, benetako demokrazia oinarri duen bakea erdiestea eskakizun kolektiboa da, lehentasun politikoa da. Izan ere, une larrien gainetik, guztiz beharrezkoa dugu Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbidea aurkitzeko pausu sendoak ematea. Azken hilabeteotan ez dira gutxi izan bide horretara zuzendutako ekimenak. Bada, 2006ko urriaren 21ean Algortako Portu Zaharrean hartutako konpromisoei eutsiz, gatazka politikoari irtenbidea ekarriko dion prozesua abiarazteko, gure bultzada txikia eskaintzeko asmoz gatoz bueltan.

Hiru zutabe dauzka gure aldarrikapenak:

1. Elkarrizketa eta alde orotariko akordioa, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe.
2. Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea.
3. Giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea.

Hauxe da, beraz, Itsasoruntzen helburua:

1. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dagoela gogoratzea, eta, batez ere, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzeko deialdia egitea. Gure lana ezinbestekoa da, gatazka politikoari konponbidea ekarriko dion prozesua abiarazten laguntzeko. Ezin dugu gure Herriak bizi duen arazoaren konponbidea inoren esku utzi. Gure etorkizuna gure esku dago. Jabetu gaitezen!
2. Guztion artean sortu behar ditugu prosezu berri bat abiarazteko beharrezkoak diren baldintzak. Prozesua gu gara, herria da. Gogor lan egin dezagun itxaropena agortu ez dadin. Gaurko indarrak biharko malkoak saihestuko ditu.

Urriaren 21ean, Portu Zaharrean, argi bat piztu genuen, ilusioz eta irribarrez jantzitako suziri berri bat. Herri hau berriz herri sentitu dadin, etorkizunean eskuz-esku lan egin dezan, barre gehiago egin dezan. Har dezagun, ba, guztion artean, gure bizitzako olaturik ederrena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun