Ertzaintzako ikerketa talde batek lanean jarraitzen du Leioan azken zazpi hilabeteotan ibilgailutan eta edukiontzitan piztutako suteen egileak identifikatzeko. Ikerketan laguntzeko, Erandioko ertzain-etxeak zerbitzu telefoniko bat abiatu du, ikerketaren inguruan datu argigarriren bat eskaini dezaketen herritarrak harremanetan jar daitezen, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. 2009ko abenduaren 6an jazo zen azken hilabeteotan Leioan izandako gertakarien artean larriena. Goizaldean, 20 edukiontzi erre zituzten Leioako toki ezberdinetan, eta, ondorioz, 9 ibilgailuk kalteak izan zituzten (
19 edukiontzi eta 8 ibilgailu ziren orduan, polizia iturrien arabera); horietako lau erabat kiskali ziren. Besteak beste,
Eneko Arruebarrena alkate leioaztarrak kale indarkeria ekintza zela iradoki zuen.
Apirilaren 14an beste sute bat piztu zuten. Sei edukiontziri eman zieten su, eta sugarrek hiru ibilgailu kaltetu zituzten. Ekainaren 7an, 16:30ak aldera, bi edukiontzi erre zituzten Aldapa kalean, eta lau ibilgailuk kalteak izan zituzten. Suhiltzaileak azkar bertaratu ziren eta itzali zuten. "Sute hark auzotarrak asko beldurrarazi zituen, sugarrak oso handiak baitziren", Herrizaingo Sailak aipatu duenez. Argazkian, abenduan erretako ibilgailuetako batzuk / © Leioa.net.