Imanol Landa Getxoko alkateak udal zerbitzu juridikoei agindu die 60.000 euroko partida prestatzeko,
pasa den asteazkeneko (ekainak 16) euriteek kaltetutako auzotarrei diru-laguntzak emateko. "2008ko ekainaren 1ean eta 8an izandako uholdeetan egin zuen bezala", agintari jelkideak "konpromisoa" hartu du aipatu diru-laguntza emateko, tokiko iturriek zabaldu dutenez; eta adierazi du, gainera, "dirutza hori handiagotu litzatekeela behar izatekotan". Laguntza horiek alkatearen dekretuaren edo datorren asteko gobernu batzordean hartutako akordioaren bidez arautuko dira. Imanol Landak gaur azaldu duenez, “auzotar batzuk etxeetatik ateratzeko gastuak, premia biziko etxeko tresnak erosteko, eta etxebizitzak, trastelekuak, eta abar konpontzeko izango dira emango diren subentzioak. Hau da, 2008ko uholdeetan diruz lagundu ziren antzeko gaietara bideratuko dira”. Argazkian, Salsiduko zubia zena.