Gaur, bihar, etzi eta etzidamu, euskaraz
Gaurko egunarekin batera agur ofiziala izango bada ere, datozen egunotan oraindik zereginetan ibiliko dira Getxo udalerriko berbalagunak. Horren adibidea da berbalagunak bihar eta etzi Asier Altuna zuzendariaren film labur berri baten grabazioan izango direla. "Aupa, Etxebeste!", "Txotx!" eta bestelakoen egilea Bilboaldeko Abandon arituko da "Artalde" film berria grabatzen asteburu honetan eta makina bat estra behar izango du. Pako Sagarzazu aktore donostiarrak artaldea galdu duen artzainaren papera jokatuko du filmean. Artalde gabe galduta dagoen artzaina, inguruan dituen hiritarrak deitzen hasi eta poliki poliki artalde majo bat osatuko du. Artalde hori hiritik atera eta zelaira bideratzen saiatuko da.
Grabazioa aurrera eramateko Altuna eta bere taldeak, hiritarrez osatutako "artalde" izugarri bat ipini nahi du artzainaren atzetik eta horretarako grabazioan parte hartu nahi duen orori gonbitea luzatu zien, baita Egizukoek hartu ere. Horietaz gain, nahi duena hurbil daiteke filmatzera, larunbatean, 15:45ean, Kafe Antzokiaren ondoan dagoen San Vicente eta Arbolantxa kaleen bidegurutzean edota igandean, 9:45ean, Licenciado Poza eta Bertendona kaleen bidegurutzean, Kale Nagusiko Corte Ingles merkataritzagunearen ondoan.
Astelehenean, berriz, "Erregea eta Bufoia" bertso-antzerki-ikuskizuna ikusteko jarri dute hitzordua berbalagunek. Leioako Kultur Leioan izango da ekimena, 20:30ean. Egizuko lagunek gogoratu dutenez, sarrera 10 eurotan har daiteke eta bildutako etekina Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea finantzatzeko bideratuko da.
Datorren asteazkenean ere, hilak 23, zeregina dute berbalagunek. Izan ere, Algortako umeen San Juan sua antolatuko dute Bizarra Lepoan, Egizu eta Algortako hainbat elkartek. Aurten Telletxe plazan izango da 18:30ean hasita.
Ekainaren 27an, ordea, ikasturteko azkenengo mendi-irteera egingo dute, Valderejoraino joango direla. Igande horretan, goizeko 8:30ean lotuko dira Telletxeko parkinean. Aurretik ohiko telefonoa edo posta elektronikoa erabiliz eman daiteke izena, auto kopurua antolatzeko.
Udako berbalagun egitasmoak
Udari begira bi dira Egizuk eskaintzen dituen berbalagun programak. Alde batetik, ohikoa, Getxo udalerrian bertan urtero antolatzen dutena. Horretan parte hartzeko, ekaina amaitu aurretik eman behar izango da izena. Taldeak, berriz, uztailaren lehen astean ipiniko dituzte martxan. Taldeak antolatu ahal izateko, pertsona bakoitzak ondoko datuak eman beharko ditu: zein ordutan eta egunetan etor daitekeen. Uztaila eta irailean lotuko dira horrela, abuztuan taldeko kideek erabakiko dutela zer egin.
Beste aldetik, EHNE sindikatuaren eta Egizu bazkidea den Topagunearen artean proiektua sortu dute udan berbalagunak eta baserritarrak lotzeko. Horrela, "Kutsidazu bidea, Ixabel" liburua, filma, telesaioa eta antzezlanean bezala, Getxo udalerriko zein Euskal Herriko hamaika txokotako interesatuak Mungialdeko eta Busturialdeko 17 baserrietan aritu ahal izango dira uztailean, abuztuan eta irailean, giro euskaldunean murgildu eta euskaraz bizitzeko aukera jasoko dutela, baserriko lanetan laguntzearen truke. Proiektuan parte hartu edo informazio gehiago nahi izanez gero, 946 215 780 telefonoaren bidez Topagunearekin harremanetan jartzea baino ez dago. Izena emateko epea gaur zortzi, ekainaren 25ean, amaituko da.