Leioa, Euskal Herria zein Espainian sortutako 138 musika taldek aurkeztu dituzte euren buruak aurtengo Leioako Pop-Rock lehiaketara. Metal modalitatean honako hauek izan dira txapelketaren hamargarren edizioaren finalerako izendatutako taldeak: All Reasons mungiarrak, The Band Apart madrildarrak eta Sara eta Berako lagunek osatutako Sorotan Babies taldea. Horiek guztiak gaur, ostirala, izango dute finala, 21:30etik aurrera, Barandiaran Behekoa institutuan. Sarrera doakoa da. Pop Rock modalitatean, berriz, ondokoek lortu dute azken kontzerturako txartela: Midnight Road bilbotarrak, Redondelako (Galizia) Belop eta Getafeko (Madril, Espainia) Niño Pajaro. Atzekoek bihar izango dute norgehiagoka, toki eta ordu berean. Beraz, aurten Uribe Kosta zein Erandioko ordezkaririk ez du parte hartuko Leioako Pop-Rock lehiaketaren azken txanpan. Bitartean, "Euskarazko abestirik onena" modalitatean, Lasarte-Oriako Oreindik taldea suertatu da garaile. Argazkian, iaz Sopela eta Bilboko lagunek osatutako Rise to Fall taldeak irabazi zuen, Metal kategorian.