Alkateak gehitu du helburua bi egoerak desberdintzeko lan egitea dela asmoa, "batez ere gazteek alkohol gehiegi hartzearen kontra egitea". Landak gizalegezko jokaerak izateko eskatu du: “guztiok errespetatzera etortzen direnak ongietorriak izango dira herri zabala garelako. Baina, baldarrek, istiluen bila etortzen direnek, Getxon aurrekaririk gabeko polizia operazioa aurkituko dute”, nabarmendu duenez. Azkenik, esan du gazteek, batez ere adin gabeek, alkohol gehiegi hartzearen arazoari hezkuntza alorretik egin behar zaiola aurre, “ezin dugulako ahaztu alkohola gure gizartean toki guztietatik dagoela eta gure zeregina, erakunde, hezitzaile eta guraso bezala, prebentzioa lantzea dela, gazteek alkoholaren arriskuak eta beren ondorioak ikas ditzaten". "Donibane gauean dugun egoera hezkuntzan dagoen gabeziaren adierazgarria da”, zehaztu du Landak.
Kontrol neurriak
Udaltzaingoak era zorrotzagoan zainduko du adingabeei udalerriko establezimenduetan alkoholik ez saltzea eta, 18 urtetik beherakoei, edari alkoholikoak dituzten jakiteko kontrolak egingo dizkiete. Horiek aurkitzekotan, atzeman eta beraien arduradunei deituko diete poliziek. Kontrol horiek gazteak elkartzen diren gune desberdinetan egingo dituzte. Adin gabeei alkohola saltzeagatik 3.005 euroko isuna jaso dezakete establezimenduek; baita adingabeei erosten dieten nagusiek ere. Hondartza aldean, polizia operazio berezia ezarriko dute Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren partaidetzarekin, sor litezkeen gertaerak kontrolatzeko. Gainera, inguruko urbanizazioetan ere zainketa berezia izango da. Era berean, operazio koordinatua metroko geltokietan ere eramango dute aurrera; zaindari, langile eta tren gehiago izateaz gain, egun horretarako aurreikusitako jarduerak aipatutako bi polizi taldeek koordinatuta egongo baitira.
Babes Zibila
Suteak ondo amatatzeko plana ere jarriko dute martxan. Era berean, erredurak ekiditeko berehalako laguntza egongo da prest, baita ebakiak edo alkoholarekin sortzen diren egoerak artatzeko ere. Horretarako, Babes Zibilak aginte postu bat jarriko du hondartzaren goiko partean eta, bertan, Getxoko Babes Zibileko zein DYAko koordinazio arduradunak egongo dira.