Algortako Telletxe plaza eta bere ingurua birmoldatzeko proiektuaren lehenengo fasea dela eta, gaur bertan abiatu dituzte obrak Torrene eta Juan Bautista Zabala kaleetan, aldi berean. Hain zuzen, Algortako Etorbidetik Telletxe plazarako norabidean, bi kaleen elkarguneko bide-zatietan ari dira. Argiztapen, komunikazio, energiako kanalizazio, edukiontziak lurperatzeko eta zolaketa lanak egingo dituzte, hurrenez hurren. Fase horretako obrek hilabete eta erdi inguru iraungo dutela uste dute Udalekoek; edukiontzi lurperatuak jartzekoak kenduta. Azken horiek gauzatzeko teknika konplexua da eta kaltetutako zerbitzuak desbideratu beharko dituzte, tokiko arduradunek azaldu dutenez. Zolaketa-lanak egiten diren bitartean, pasabideak jarriko dituzte uneoro saltokietarako eta atalondoetarako sarbidea egon dadin. Bestalde, puntualki, garajeetarako sarbidea galaraziko dute, beti ere aldez aurretik jakinaraziz. Argazkian, Algortako Telletxe plazako proiektuari buruzko erakusketaren aurkezpena.