Eduardo Coste kalea 700 metro ingurukoa da, eta bertan, zumardia sortuko dute, zirkulazioaren noranzko bakoitzean errail bat baino ez duena izango (orain arte noranzko bakoitzeko bi bide bazeuden ere), luzetarako aparkalekuekin. Aparkaleku horien kopurua handitzeak inguruan dauden garraio publikoak erabiltzeko baldintzak hobetuko ditu (Bizkaia Zubia ez ezik), itsasadarraren bestaldera igarotzen diren pertsonentzat. Horrez gainera, bidegorri zatia egingo dute, moila aldekoa, Maximo Agirre kalean dagoenarekin lotzeko. Horrek, halaber, Areetako metro geltoki aldean dagoen bidegorri zatiarekin bat egiten du. Hartara, Leioa Berangorekin lotuko dute bidegorrien udal sarearen bitartez.
Hesi arkitektonikoa
Era berean, oinezkoentzako ibilbideak berrituko dituzte eta oinezkoen pasabide garaiak ipiniko dituzte; espaloiaren eta gune horretako autobus geltokien artean dagoen aldea kenduko dute, autobusen geralekuetako itxarote-guneak zein bidaiariena ere zabalduz; obrak eragindako alderdiko zerbitzuak (euri-hodien sarea eta argi berriak, besteak beste) zaharberrituko dituzte; eta 130 zuhaitz handi landatuko dituzte zintarrian lerro-lerro sartuta. Alkatearen esanetan, "kalea atseginagoa egiteko proposamena da, beste inorentzat baino auzotarrentzat izango den kalea. Horretaz gain, Tomas Olabarri moila eta bere inguru osoa Areeta barruan sartu nahi dugu, orain artean Eduardo Coste hesi arkitektonikoa baitzen. Aldi berean, Bizkaia Zubiari, gure baliabide turistiko nagusienetakoari, balio handiagoa emango diogu”.
Zirkulazioari dagokionez, lorez hornitutako biribilgunea jarriko dute ibilgailuen mugimenduak hobetzeko. Bestalde, oinezkoentzako pasabide garaien eraginez zirkulazioa moteldu egingo da. “Segurtasunaren gaia ezinbesteko izan da proiektuaren diseinua egiterakoan. Hau da, biribilgunea aparkalekuekin nahasten da noranzko bakoitzean errail bat eta semafororen bat ere kenduz arintasuna ez moteltzeko. Baina abiadura ordea, geldotu egingo da”, nabarmendu du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.