Abian da Portu Zaharreko jaietako kartel lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 21a, 18:14

Aurtengo festetako kartela aukeratzeko asmoz, lehiaketa antolatu du Algortako Portu Zaharreko Jai Batzordeak. Lanak Villamonte kaleko kultur etxean aurkeztu behar izango dira uztailaren 12a (astelehena) epemuga dela. Irabazleak 300 euro jasoko ditu eta parte hartzaile guztien artean bi lagunentzako otordua (Portu Zaharreko jatetxe batean) zozketatuko dute. Kartelak bertikalak edo horizontalak izan daitezke, beti ere neurriak 70 x 50 zentimetro direla. Aldi berean, sistema digitalik erabili bada (eskuz egin dutenak ez), euskarri informatikoan ere aurkeztu behar izango da. Kartelaren atzeko aldean ezizenen bat jarri beharko da, horrekin batera emango den gutun-azalaren kanpoaldean ere jarrita egongo dena. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa jarriko dira. Aurtengo Portu Zaharreko jaiak abuztuaren 12tik 15era izango dira. Argazkian, hainbat lagun Etxetxu plazan dantzan Pijama Egunean.

Ohi bezala gaia Portu Zaharreko jaiak dira, baina egileek askatasun osoa dute irudiak, motiboak, bitxikeriak eta abarrak aukeratzeko orduan eta baita kartela osatzeko teknikari dagokionez. Afixan, “Portu Zaharreko Jaiak 2010 - Abuztua 12-15" testua derrigorrez agertu beharrekoa da. Sari banaketa uztailaren 15ean egingo dute, 20:00etan, Portu Zaharreko Etxetxu plazan. Horretaz gain, 6 kartel bilduko dituen erakusketa jarriko dute Portu Zaharra tabernan.

Argibide gehiago eskatzeko portuzaharra[abildua]euskalerria.org posta elektronikora idatz daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun