Sei mila ikusle baino gehiago izan dira atzo bertan bukatutako Getxoko 22. Nazioarteko Blues Jaialdian,
Kultur Etxeko iturrien arabera. Hiru egunetan zehar, Eric Sardinas & Big Motor, Bettye LaVette eta Music Maker Foundation musika taldeek jo dute Algortako Biotz Alai plazan. Jaialdiaren antolakuntza arduradunek adierazi dutenez, ostiralean egindako Eric Sardinas & Big Motor eta Raimundo Amadorren kontzertuak karpa bete zuen. Izan ere, 2.500 pertsona inguru bertaratu ziren aipatu emanaldira. Bestalde, larunbatean, Bettye LaVetten momentua izan zen, eta gauarekin bukatzeko, The Piper's taberna irlandarrak hartu zion lekukoa jam session bat eginez, Blues de Luxe talde bizkaitarraren eskutik. Jaialdiari amaiera ematea Music Maker Foundationen esku geratu zen. Atzoko kontzertuan, Pat Cohen, Dr. Burt, Eddie Tigner, Beverly 'Guitar' Watkins, Tommy Brown eta Lil' Joe musikarien laguntza izan zuen. Argazkian, aurten ere Eric Sardinas maisua izan da Getxo&Blues jaialdian / © Getxoko Kultur Etxea.