Gaur egungo udako ikastaroak hezkuntza errefortzu bat dira, kirol jarduerekin batera eskaintzen direnak, udal iturriek aipatu dutenez. Uztailean eta abuztuan egiten dira eta Lehenengo Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleei zuzenduta daude (12 eta 14 urte bitartekoei). Aurten udako ikastaroak Algortan egingo dira, Getxo Kirolak erakundearen egoitzaren ondoan dauden instalazioetan (Fadurako antzinako garagardotegian), uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte.
Jarduera ugari
15 irakaslek, Getxoko Udalak kontratatutakoak, hauek eskatutako hizkuntza ereduan arreta eskainiko diete ikasleei, beren jatorrizko hezkuntza eredua zein den kontuan harturik. Kirol atalean, Getxo Kirolak erakundeko begirale adituak izango dira eta haiekin, besteak beste, igeriketa, tenisa, atletismoa, saskibaloia, boleibol, aerobic, padel, futbola, herri kirolak, pilota eta abenturak landuko dituzte. Hori guztia jokoekin eta eztabaidekin osatuko dituzte. Halaber, pistan, eta praktiken arduraduna den udaltzain baten eskutik, mugikortasun seguruaren aldeko jarduerak egingo dira, eta beste hainbat irteera ere egingo dituzte.