San Juan suak argituko du bihar Uribe Kostako gaua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 22a, 15:44

Ekainaren 23tik 27ra San Juan jaiak ospatuko dira Leioan. Ohiko lez, Udalak antolatutako ekitaldiez (pdf) gain, Maritxu Teilagorri txosna batzordeko lagunek egitarau aparta prestatu dute. Leioa 5 egunez egongo da jai giroan murgilduta eta txosna gunean denetariko aukera izango da: San Juan sua, akelarrea, erromeria, koadrilen arteko herri kirolak, txotxongiloak, poteo musikatuak, kontzertuak, goitibehera jaitsiera... Denetarik festaz eta giro alaiaz gozatzeko. "Txosnetan badago eskaintza paregabea, hortaz hurbildu txosnetara eta jaiaz gozatu! Herria jaietan!", adierazi dutenez. Barrikan, berriz, larunbatera arte luzatuko dira joan den astean abiatutako San Juan jaiak. Horrenbestez, bihar, “Sua eta Ura” tai-ji erakusketa, sua eta piroteknia ikuskizuna, San Juan gaueko sua eta txokolatada izango dira, 20:30etik aurrera. Argazkian, San Juan sua Leioan.

Ekainaren 23an helduko da San Juan jaia. Arbasoengandik ikasitako jentilen usadioari jarraiki, sua izango da udako solstizioari ongi etorria emateko protagonista nagusia. Barrikan eta Leioan bezala, Berangoko Lantzarteko zelaietan neska-mutilen ilusioa ere piztuko dute sugarrek. Poco Pico pailazoen eskutik, haurrentzako dantzaldia izango da bertan, 19:30etik aurrera. Ondoren, hurbildutakoen artean txorizoa sagardo erara banatuko dute, euro baten truke. Mokadu ezin hobea Egan taldeak eskainiko duen erromeriarako indarrak hartzeko. Bitartean, Algortan, Umeen San Juan sua antolatuko dute Bizarra Lepoan, Egizu eta Algortako hainbat elkartek. Aurten Telletxe plazan izango da, 18:30etik aurrera. Azkenik, Plentzian, San Juan gaua antolatu dute Cabo Billano dendak, Izarraitz hanburgesategiak eta Atxiki jatetxeak. Horrenbestez, 18:00etatik aurrera, musika txosnan, haragi errea (19:30), hawaiiar dantzak (20:30), paddleboard lehenengo zeharkaldia gauez (21:30) Plentziako itsasadarrean eta suan dantza (23:15) izango dira, jaia goizaldeko ordu txikietara arte jarraituz. Informazio gehiagorako Cabo Billano dendan galde edo 946 774 482 telefono zenbakira (Aketza) dei daiteke.

Maritxu Teilagorriren egitaraua Leioako San Juan jaietan:

Ekainak 23, asteazkena

21:30 Txosna gunearen irekiera, txupinazoa eta pregoiarekin. Jarraian akelarreko poteoa hasiko da.
22:00 Sardina jana.
23:00 Erromeria Auskalo Non taldearekin.
00:00 Akelarrea. Ondoren erromeria.

Ekainak 24, osteguna

19:00 Koadrilen arteko herri kirol txapelketa. Zazpiko taldea osatu eta parte hartu.
22:00 Skaramuza, Sin Rumba Fija eta Hip hor gaua! Norte Apache eta 121 Krew.

Ekainak 25, ostirala

18:00 Umeentzako jolasak: Tenderete txotxongilo taldearen ikuskizuna eta txokolatada erraldoia.
23:00 Umore Txarrez, Bilbomatiks eta Hesian.

Ekainak 26, larunbata

13:00 Antzineko eguneko bertoko txakolin eta gazta dastaketa.
23:00 Rat Zinger eta Vindicatio (Habeas Corpus, Proudz eta Nom Servium taldeetako kide ohiak).

Ekainak 27, igandea

18:00 Goitibehera lasterketa Mulligansen hasita.
19:00 Jone Uria Albizuri, Itxaso Paya Ruiz eta Peru eta Beñat Vidal kantu kantari arituko dira txosna gunean.
20:00 Jaiak amaitzeko merienda eta ur guda!
Hurrengo urtera arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun