Gorenak, gainera, gogor kritikatu du Garcia Nicolasen epaia. Gorenaren aburuz, sententzian "gertatutakoaz ez dago aipamen txikiena ere" eta "froga-koadroaren tratamenduari dagokionez emaitza negargarria da". Are gehiago, frogen azterketa sistematikoa baino, aurrekaririk azaltzen ez diren "loturarik gabeko baieztapenak" daudela salatu du Auzitegi Gorenak. Hortaz, zigortutakoen "babes judizial eraginkorrerako eta errugabetasun presuntziorako eskubideak ezinbestean urratu" direla jakinarazten du.
Defentsak eskatutako absoluzioa eman egin du, beraz, auzitegiak. Izan ere, gazteen abokatuek salatu zutenez, froga bakarrak, guardia zibilen eskuetan zeudenean gazteek egindako haien buruen aurkako deklarazioak, torturapean lortu ziren. Akusatuek ere, "muntaia poliziala" zela azaldu zuten. Bitartean, Mikeldi Zenigaonaindia aulestiarra birritan bahitu dutela salatu zuen pasa den maiatzaren 30ean.