Aipatu lau gazteek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean salatu zituzten jasandako torturak, modu orokor batean izan bazen ere. Horren ondorioz, magistratuak egitate horiek delitu zantzua zutela ikusita Madrileko epaitegietara bideratu zuen salaketa, bertan ikertua izan zezan. Horrela, Madrileko 19. epaitegiari egokitu zitzaion eta horrek diligentziei hasiera eman zien. "Lehenengo, inkomunikazio garaiko auzi-medikuaren txostenak eskatu ostean, atxilotuak ikusi zituzten doktoreak deklaratzera deitu zituen pasa den martxoaren 15ean eta honen ondorengo eginbidea atxilotuei beraiei deklarazioa hartzea izan da, atzo bertan izan zena", TATek azaldu duenez.
Torturaren Aurkako Taldeak jaso du Jon Rosalesen tortura testigantza:
Jon Rosalesi, bidaian zenbatzeari uzten bazion kolpeak ematen zizkioten buruan. Komisariara heldu bezain laster galdeketa gelara eraman zuten, erabat biluztuarazi zuten eta besoetatik eta hanketatik helduta ziotela lurrean zegoen manta baten gainera bota zuten. Erratz-makil baten puntan preserbatibo bat jarri zuten eta hau ukiarazi zuten, eta behin mantan botata zegoela makila ipurtzulo aldetik jotzen eta igurzten zuten. "Sentadillak" egitera behartu zuten, erabat akituta bukatu arte. Galdeketetan poltsa jartzen zioten buruan. Gorputza goma-aparraz bildu zioten, aulki batean eseri arazi hankak eta besoak aulkiari helduta eta egoera horretan poltsa jartzen zioten buruan. Goma-aparra zuenean kolpeak ematen zizkioten gorputz osotik. Barrabiletan kolpeak ematen zizkioten esku irekiarekin eta buruan kolpatzen zutenean forratutako periodiko antzeko batekin egiten zuten.