Getxoko Nazioarteko Jazzaldia uztailaren 1ean hasiko da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 23a, 20:59

Uztailaren 1ean jazz denboraldia abiatuko dute Getxoko 34. Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik. Hilaren 5era arte Charles Lloyd, Jerry Gonzalez & Fort Apache, Dave Douglas, Dee Dee Bridgewater eta David Sanborn musikari eta taldeak izango dira Algortan. Gainera, talde lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak eta "jam sessions" saioak gehitu behar zaizkie horiei. Guztira 20 musika saio izango dira eta, ohi bezala, saio nagusiak eta talde lehiaketaren kontzertuak Algortako Biotz Alai plazan egingo dira, 21:00etatik aurrera. Argazkian, aurten Jerry Gonzalez musikari amerikarrak joko du / © Getxo.net.

Jaialdiaren lehenengo egunean, Charles Lloyd (Memphis, 1938) eskarmentu handiko saxo-jole, txirula-jole eta musikagilea jardungo da. Hirurogeiko hamarkadan nabarmendu zen Lloyd Estatu Batuetan, eta bere laukotearekin jazz modernoaren eta garai horretan gorantz zihoan rock hippyaren zaleen arteko oztopoak gainditu zituen. Bere 40 urteko jarduerak eta bere kabuz edota beste artistekin elkarlanean grabatutako 35 lanek arrakasta handia bermatzen dute eta jazz modernoaren artista erreferentziala bilakatu dute.

Hurrengo egunean, ostiralean, Jerry Gonzalez (New York, 1949) tronpeta-jolea ariko da Getxon bere talde ospetsuarekin: Fort Apache Band. Jazz latinoaren artista ospetsu hori 70eko hamarkadan nabarmendu zen, garai horretako talde latinoek ez bezala, Afrikako eta Karibeko doinuen sustraietan sakondu zuen eta erritmo horiek jazzarekin uztartzen jardun zen. Dizzy Gillespie eta Eddie Palmieri artista handiekin elkarlanean ibili ondoren bere taldea sortu zuen, The Fort Apache Band, hain zuzen ere. Horrekin "Rumba para Monk", "Crossroads", "Pensativo" eta "Moliendo cafe" lan ospetsuak grabatu ditu.

Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Douglas (Montclair, New Jersey, 1960) arituko da, bere belaunaldiko tronpeta-jole eta musikagile ezagunenetako bat, hain zuzen ere. Jazzaren eta inprobisazio musikaren arloan Douglas azken hamarkadetako musikari garrantzitsuenetariko bat omen da Ipar Amerikan. Bere jardueraren hasieratik Free jazzaren aldeko apustua egin zuen eta, horri leialtasunez eutsita, Joe Lovanoren, Sean Lennonen, John Zornen eta Don Byronen mailako maisuekin jardun da.

Uztailaren 4an, igandean, Dee Dee Bridgewaterren (Memphis, Tennessee, 1950) txanda izango da, egungo eszenaren izen handienetako bat, alegia. 1971n abiatu zen musikari profesional moduan Thad Jonesen eta Mel Lewisen orkestran eta, ondoren, Dizzy Gillespie eta Sonny Rollins jazz artista handiekin aritu zen elkarlanean. 1974tik 1976ra arrakasta handia lortu zuen Broadwayko "The Witz" musikalean eta, 80ko hamarkadan, Parisera joan zen bizitzera bere jazz jarduerari buruz hausnartzeko. Europan zenbait lan grabatu ditu eta horietan Nancy Wilsonen eta Sarah Vaughanen eragina argi eta garbi erakusten da. Bere ibilbide profesionalean hainbat sari eskuratu ditu; horien artean 1994ko Django d'Or eta 1988an eta 1995ean lortutako Grammy Sariak nabarmendu behar dira. Getxon, Bridgewaterrek Billie Hollidayren omenezko "To Billie with love from Dee Dee" bere azken lanaren abestiak interpretatuko ditu.

Jazzaldiaren azken egunean, uztailaren 5ean, astelehenean, amaiera ezin hobea emango dio jaialdiari David Sanborn (Tampa, Florida, 1945) saxo-jole ospetsuak. Smooth jazz eta pop jazz fusion estiloei lotuta, free jazzaren mugak aztertu zituen bere jardueraren hasieran. Bere lehenengo diskoa, "Taking Off", 1975. urtean kaleratu zen eta, ordutik hona, 20 bat lan gehiago grabatu ditu. Horien artean "Voyeur" (1982), "Double Vision" (1987) eta "Close Up" gailendu behar dira, horiei esker hiru Grammy sari irabaziz ituen eta.

Agertokiak

Urtero lez, jaialdiak bost kontzertu izango ditu egunero. Algortako Biotz Alai plazan talde lehiaketako emanaldiak egingo dira, 21:00etan. Ondoren, egun bakoitzeko talde eta musikari nagusiak aterako dira agertokira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Telletxe plazan izango dira, 19:00etan. Bertan, jazz talde gazteek musika mota honi ekarpenak egingo dizkiote eta euren freskotasuna erakutsiko dute. Azkenik, The Piper's taberna irlandarrean jam sessions-ak egongo dira, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatu eta gero, gaurdi inguruan. Horretaz gain, Broken Brothers Brass Band taldea Getxoko kaleak alaituko ditu jazz doinuez eta argazki-zaleek Algortako Satistegi kafean izango den Fernando Barcenaren argazki erakusketaz gozatu ahal izango dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun