Hilaren 22ko bileran, EHUko Gizarte Kontseiluak onespena eman zion eskaintza osoari eta Eusko Jaurlaritzari helarazi dio. Bestalde, ohiko deialdian hautaprobak gainditu dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko ikasleek matrikula egin ahal izango dute aste honetan EHUn, eta onetsia izan berri den graduko tituluen eskaintza osoa izango dute aukeran, titulazio berriak tartean, hala nola Sorkuntza eta Diseinua, Bioteknologia edo Kriminologia, unibertsitateko iturriek zehaztu dutenez.
Goirizelaiak azaldu zuenez, "graduei berme guztiak eman gura izan dizkiegu eta horregatik gure eskaintza diseinatu dugu erabat egokituta bai gizartearen premiei eta bai legearen azken aldiko eskakizunei". Titulazio batzuetarako arauen azken aldaketak oraintsu gertatu direnez, graduak "guztiz eguneratuta" abiatuko dira: "onetsita ditugu eta printzipioz ez zaie inongo moldaketarik egin behar izango. Horretaz gain, geure hezkuntza eredua ezarri diegu, urte batzuetatik hona erabiltzen gabiltzan metodologia aktiboetan oinarritua. Gradu berriek kalitatea bermatzeko sistema dute, eta hari esker gai izango gara ikasketei jarraipena egiteko eta haien errendimendua ikusteko, etengabeko hobekuntzaren eredu baten esparruan", azaldu zuenez. "Unibertsitateko kidego guztiek", amaitu zuen errektoreak, "itzelezko ahalegina egin dute eskaintza berri hau ontzeko. Guztiei -ikasleei, irakasleei eta unibertsitatean behar egiten duten profesional guztiei- eskertu behar diegu prozesu hau onez burutu izana".