Leioako jai eta txosna batzordeak: "Auzo eta herri jaiak, aurrera!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 24a, 19:13

Jaiak gure herrian garatzen diren kultura-ondare herritarrak dira. Kultura-ondare hori duela zenbait urte ari gara lantzen eta zizelkatzen Leioan jai batzorde ezberdinak, txosnak eta herriko gainerako elkarteak. Bai, hala da, lantzen eta zizelkatzen ditugu jaiak gure auzokoen gozagarri izan daitezen, guztion artean alaitasunez eta umore onez beteriko egunak eduki ditzakegun. Ez da inoiz erraza izan jende guztiaren gustuko jaiak egitea, eta hori lortzeko bidea ez da inoiz laua izan. Baina duela urte betetik hona Leioako Udalak jaiak diruz laguntzeko irizpideak finkatzeko helburuz onartutako dekretuaren bidez gure lanari are oztopo gehiago jarri dizkio, jai batzordeak enpresak balira bezala funtzionatzera eramanez. Hura egiteko orduan jai batzordeekin partekatua ez izateaz gain, aipatu dekretuak jaiak irizpide bakarrarekin antolatzeak helburu merkantil argia dauka: antolatzaileentzat errentagarritasun ekonomikoa izan dezatela jaiek. Argazkian, auzoetako jai batzordeetako ordezkariak atzo Leioako txosnen txupinazoan.

Auzoetako jai batzordeak eta txosna batzordeak urte osoan zehar egiten dugu lan Leioako auzotar guztiok batzen gaituen kultura-ondare diren jai herrikoiak gordetzeko. Jende guztiari zabalik egongo den gune librea izan daitezen. Eta oztopoen gainetik, jaiak sasoi onean daudela uste dugu. Eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Horretarako, Leioako herria, gizon zein emakume, neska-mutil guztiak inoizko gogo handienekin jaietan parte hartzera eta jai batzordeok gure auzuneetako eta herriko jaiak lantzen eta zizelkatzen egiten dugun lana bultzatzera deitu nahi ditugu.

Lamiakoko jai batzordea, Txoperako jai batzordea, San Bartolomeko jai batzordea, Txorierriko jai batzordea, Pinuetako jai batzordea, Udondoko jai batzordea eta Maritxu Teilagorri txosna batzordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun