Getxoko PPk azken euriteak gertatu eta egun batera iragarri zuen Imanol Landa alkate jelkidearen kontrako gaitzespen idatzia aurkeztuko zuela, "bi urte hauetan uholdeak eta auzotarren ezinegona saihesteko lan eskasa egin duelako". Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak adierazi zuenez, "ezin dugu ahaztu, EAJ agintean egonda, Gobelaren arazoak 20 urte daramatzala kaxoi barruan gordeta. Eta, orain, obrak hasi direnean, bueltan etorri da Diputazioa EAJ buruan eta 20 egunez gelditu du guztia, gerra politiko soil batengatik. Eskerrak Jolasetako zubia goiz bakar batean bota zutela, bestela, Neguri aldean, katastrofe baten aurrean egongo ginateke". Uholdeen egun berean Getxo Antzokiari buruzko prentsa oharra egiten egotea egotzi zion Landari Arruek.
Getxo Antzokia
Hain zuzen ere, Getxo Antzoki berriaren proiektuko hirugarren fasearen onarpena legez kanpokotzat joz, mozioa aurkeztu du biharko PPk; baina erabaki hori atzera botatzen ez badute auzitara joko duela ohartaraziz ere. Horren harira,“Getxo Antzokia faseka egitea "legezkoa" dela aipatu du gaurkoan Landa alkateak. "Udaletxeko Idazkaritza Nagusiaren txosten batek horrela egiaztatzen du eta legeak publizitate eta kontrataziorako sistemen gainean ezarritako baldintza guztiak beteko ditu. Erabat lasai gaude jarduera honekin. Proiektuaren egikaritza faseka egingo da teknikariek etengabe berraztertzen den proiektua hobetzeko denbora gehiago izan dezaten”, adierazi duenez. PPk egotzitako gardentasun ezaz, Landak esan du proiektua zazpi aldiz eraman dutela Udalbatzara, eta zenbait alditan alderdi guztien adostasuna ere jaso duela, PPrena barne.
Ollarretxe
Udalbatzak urrats garrantzitsua emango du Ollarretxe kalea, Algortako Salsiduko biribilgunetik Benantzioko bidegurutzera arteko tartean, herri barruko bidea bihur dadin, tokiko iturriek aipatu dutenez. 1997an Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena berretsi eta garatu nahi dute. Bertan, Udalari hainbat errepide ematea jasotzen da, tartean Ollarretxekoa. Aldundiak, 2011 eta 2013 artean, 1.500.000 euro emateko konpromisoa hartu du eta dirutza horrekin, Udalak, errepide hori herri barruko kale bihurtzeko egokitze lanak egin nahi ditu. “Kale atseginagoa, lasaiagoa izango da, ibilgailuak abiadura geldoagoarekin joango dira, kalea argitsuagoa eta seguruagoa izango da, aparkaleku gehiago edukiko ditu eta, hitz batean esanda, auzotarren zerbitzura egongo da. Obra nagusia datorren urtean hasiko bada ere, 2010ean saneamendu berria ipintzeko eta bidegorria egokitzeko lanak egingo dira. Obra hauek auzotarren bizi-kalitatea hobetuko dute”, esan du Landak (mp3).