Udalbiltzaren epaiketaren aurkako mozioa eztabaidatuko du bihar Getxoko Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 24a, 22:58

Manu Basanta Alternatiba alderdiko ordezkariak aurkeztuta, Udalbiltza auziaren gaineko mozioa eztabaidatuko dute bihar, ostirala, goizeko 9:30ean hasiko den Getxoko udal osoko bilkuran. Proposamena aipatu taldeak aurkeztu arren, ezker abertzalea, Aralar eta Eusko Alkartasunaren babesa ere daukan Getxo udalerriko Bai Udalbiltzari Babes Taldearen ekimena da. Zazpi urte pasa ondoren, uztailaren 15ean 22 lagun epaituko dituzte, tartean hainbat herritako alkate eta zinegotzi, "erakunde terroristako kide izatearen balizko delitua" leporatuta. Gauzak horrela, 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako Udalbiltzaren batzar sortzailean onartu ziren helburuen alde lan egitea "beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo" aldarrikatzea eskatuko diote bihar Getxoko Udalbatzari; baita Espainiako Auzitegi Nazionalean eramaten ari diren auzibidea irmoki salatzea eta Espainiako Gobernuari akusazioa erretira dezala ere. Ildo berean, uztailaren 17an egingo diren ekimenekin bat egitea galdegingo dute. Argazkian, ekainaren 12an kontzentrazioa izan zen Algortako Telletxe plazan.

Udalbiltza auzian 22 lagun, tartean hainbat herritako alkate eta zinegotzi, prozesatu dituzte "erakunde terroristako kide izatearen balizko delitua" leporatuta. Auzigai dituzten eginkizunak, baina, Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide nahiz langile gisa burututakoak dira. Fiskalak auziperatu bakoitzarentzat 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du, 10 urtetan lan edo kargu publiko bat betetzeko debekua eta kostak ordaintzea, ustez erakunde terroristako partaide izategatik. Gainera, lau auzipeturentzat, 5 urteko espetxe zigor gehitua, 12 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea eskatzen du fiskalak, fondo publikoen erabilpen bidegabea ere egotzita. Bestalde, Dignidad y Justicia delako elkarte ultraeskuindarrak, akusazio partikular gisa, auziperatu bakoitzarentzat 14 urteko espetxe zigorra, 20 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea eskatzen ditu. Diru publikoaren erabilpen bidegabea egotzitakoei, berriz, 8 urte gehiagoko espetxe zigorra, 20 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea.

Irakurri mozioaren testua:

“Udalbiltza, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1.999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Honako printzipio eta helburuekin sortu zuten:

1.Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
2.Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
3.Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
4.Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
5.Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.

Helburu hauek gauzatze aldera hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu Udalbiltzak azkeneko ia hamaika urte hauetan.

Oztopoz jositako ibilbidea izan du. Horien artean, nabarmena 2.003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta erakunde nazionalaren aurkako polizia operazioa dugu.

Operazio honen ondorioz Udalbiltzako hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta Udalbiltzari suspentsioa ezarri zioten.

Operazio honen aurrean, udal hautetsi, ordezkari politiko, sindikal, kultural eta sozial ugari eta anitzek eta milaka eta milaka herritarrek erasoa salatu zuten Bilboko kaleetan, “Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari” lelopean.

Orain, zazpi urte beranduago, Udalbiltzaren aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen.

Nabarmentzekoa da Udalbiltza erakundearen beraren behin betiko ilegalizazioa eskatzen dela.

Honen aurrean,Getxoko udalbatzarrak honako puntu hauek onartzen ditu:

1. Aldarrikatzea 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.

2. Konpromisoa hartzea, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.

3. Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.

4. Epaiketa gertatu bitartean, uztailaren 17an Algortako Kasino plazan 12:00etan kontzentratzera deitzen ditugu herritarrak, era isilean elkartasuna adierazteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun