Anton Fernandez zenari frankismoaren biktima izaera zein dagozkion eskubide guztiak aitor zaizkiela exijitzea adostu du aho batez, gaurko osoko bilkuran, Erandioko Udalbatzak.Ildo horretan, alderdi politiko guztiek ontzat jo dute Oroitzapen Historikoaren Legea aplikatzeko ebaluazio batzordeari hartutako erabakia berriz hausnar dezala eskatzea, Kaos en la Red agerkariak zabaldu duenez. "Poliziek tiroz hil zutenean, manifestazioan egon beharrean, balkoitik begira zegoelako" ukatu diote aitorpena erandioztarrari. Dena den, osoko bilkuran ez dute eztabaidatu ere egin Udalak Fernandezen senideek abiatutako errekurtso judizialak dakartzan gastuak ordaintzeko dirua aurrera dezala. Mozioaren sustatzaile Ahaztuak 1936-1977 elkarteak zehaztu duenez, behin prozesua amaituta, diru hori tokiko erakundeari bueltatuko litzaioke. Azken erabaki horren aurrean, ekimena abian dute Erandioko eragile ugarik. Orain 40 urte, txapel bat zozketatu zuten Anton Fernandez eta orduko istiluetan ere erail zuten Josu Muruetaren etxekoentzat dirua biltzeko. Dagoeneko txapel berri bat bordatzen dabiltza elkartasun eskuak. Argazkian, ekainaren 11n Erandion egindako elkarretaratzea / © Ahaztuak 1936-1977.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!