Greba orokorreko goizeko manifestazioaren abiapuntua aldatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko eka. 25a, 16:32

Ekainaren 29rako, asteartearekin, Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitu du gehiengo sindikalak. Horrekin batera, hainbat mobilizazio izango dira goiz-goizetik arratsaldera arte, herrietan, Bizkaiko hiriburuan eta Sopelan. Bilboko manifestazioari dagokionez, sindikatu antolatzaileek arazo ezberdinak direla medio aldatu egin behar izan dute Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko zutabearen abiapuntua. Deustutik beharrean, Plaza Eliptikotik irten beharko dira Ipar Uribekoak, goizeko 11etan. Bestalde, arratsaldeko eskualde mailako mobilizazioa bere horretan mantenduko da, manifestazioa Larrabasterrako Urgitxieta plazatik abiatuko dela, 18:30ean. Argazkian, Leioan egin zuten 2009ko maiatzaren 21eko eskualde manifestazioa.

Bitartean, atzo bertan erabaki zuen CNT sindikatuak grebarekin bat egitea. Horrela, ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, EHNE, CCOO, CGT eta LSBk bezala langileak mobilizatzera deitu ditu erakunde anarkistak. Dena den, CNTren iritziz greba deialdia "berandu" dator. Sindikatuak Ezkerraldean eta Bilboaldean deitu ditu mobilizazioak.

Eskumaldeko LABen arabera, berriz, mobilizazioen helburua ez da bakarrik lan erreformari erantzutea, harago joatea baizik. "Hauek dira laburbilduz jomugak: erreformaren ondorioei zein Madriletik datorren inposizioari erantzutea, alternatiba bezala eredu ekonomiko berria adieraztea; eta Lan Harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua behar dugula aldarrikatzea, hau da, erabakitzeko eskubidea behar dugula", azaldu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun