Udalerrian aurrekontu handien duten elkarteak kirolezkoak dira, horiek jasotzen baitituzte udal dirulaguntzarik potoloenak. Gainera, iaz Portu Zaharrean txosna gabe utzitako kolektiboek adierazi bezala, kirol elkarteak "Udalarentzat izaten ohi dira ez problematikoak".
Uztailaren 2an esleituko diren txosnak honako hauek izango dira: Algortako San Inazioetan lau txosna handi, bi talde txosnako, eta beste txosna bat, alkoholik gabekoa, talde batentzat. Itzubaltzeta / Romon bost txosna txiki, talde bana txosnako edo bi txosna handi, bina talde txosnako. Azkenean, Portu Zaharrean lau txosna handi izango dira, bina talde txosnako. Txosna handiak 9 x 4 metrokoak izango beharko direla eta txikiak 6 x 4 metrokoak ezarri dute.
Zigor eta debekuak
Getxoko Udalak adierazi duenez, "txosnetan ezin izango dira iragarri oinarrizko eskubideen edozein urratzea dakarten egintzak, pertsona guztien eskubideak eta askatasunak errespetatzeari buruzkoak direnean. Honako kartel edota ikurrak ere ezin izango dira erabili: pertsonen duintasunaren aurka doazenak eta terrorismoaren alde daudenak, horiekin jaietako ekintzen bizikidetza eta normaltasuna arriskuan jartzen dituztenak". Horrelakoren bat gertatuz gero, azaldu dutenez "3 urtez txosna ez instalatzeko edo erabiltzeko zigorra jasoko da. Baita osagarriak diren isuna eta beste neurriak ere". Izan ere, horrelako eskaera egin zuen bere garaian PPk eta Udalbatzan berari batu zitzaizkion EAJ eta PSE-EE, Eudelen aurreko testua adostu ondoren. Bilboko Udalak azken boladan Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei ezarritako debekua baino gogorragoa da Getxon jasoko liratekeen zigorrak.
Bestalde, "ez dira onartuko ere Udalbatzak onetsi dituen Planen aurka doazen egintzak: Berdintasun, Gazte, Drogomenpekotasun, Immigrazio planak... Ezta animaliei tratu txarrak ematea dakarten egintzak ere", gaineratu dute udalekoek.