Esanak esan, lurra ez da hiltzen ari, erailtzen ari dira. Hau da, ama lurraren suntsiketa ez da anonimoa, izen zein helbidea dauzka. AHTa, autopistak edo eraikitze masiboen atzean, ugazaba, politikari edo konstruktoreen interes espekulatiboak eta diru gosea ezkutatzen dira, eta ez guztion ongizatea edota garapen iraunkorra, saldu nahi diguten moduan.
Boteretsuek haien pribilegioak betikotuko eta areagotuko dituen gizarte eredua eraikitzen dihardute, horregatik, ama lurraren esplotazioarekin negozio bikaina egin dezaketenez, euren lilura desarrollista aurrera eramatearekin itsututa daude. Bakarrik horrela uler daiteke Hego Euskal Herriko biztanle bakoitzak AHTa eraikitzeagatik ordaindu beharko dituen 4790euroak ukatuak zaizkigun eta premiazkoak diren beharrizanak asetzera bideratzeari uko egitea. Ez da harritzekoa beraz, berriki onartutako lan erreforma norabide honetan emandako azken aurrerapausoa izatea.
Zentzu honetan, Uribe Kostari dagokionean, Foru Aldundiak diseinatu eta udaletxeek egokituko duten LZPa ildo honen baitan kokatzen dugu. UK Bilborekiko hiri jarraipen bat bilakatzea, nekazal eremu urrien desagerpena, herrien nortasunaren galera handia eta kontsumoan oinarritutako eredu soziala sendotuko lituzke.
Guzti honengatik, ekainaren 19an Uribe Kostako herritar guztiei kalera irteteko deia luzatzen diegu, nahiz eta egun batean produkzioa etetera mugatuko den greba bat ez zaigun nahikoa iruditzen. Beharrezkoa da komunikazioa eta borroka esparruak martxan jartzea, herri aktibo eta jarrera kritikoa berpizteko. Horregatik grebak, gure bizitzak berreskuratzen saiatzeko abiapuntua izan behar du , eta ildo honetan ez dago erdibidean gelditzerik.
LZParen aurkako asanblada