Leioan dozenaka lagun batu dira, goizean, herriguneko kaleak zeharkatu dituen pikete informatibora. Dendaz denda eta tabernaz taberna ibili dira eta, horiek ikusi orduko, merkatarietatik askok pertsianak jaitsi dituzte. Hainbat banketxek ere ateak ixtea lortu dute grebalariek, tartean Banco Santander, BBVA eta Caixa zeudela. Hala ere, piketea joan orduko berriro zabaldu dituzte. Kultur Leioa barruan, berriz, "EAJk udal guneetan darabilen entxufismoa" salatu dute. Uneoro ertzainek "zainduta" egon dira grebalariak: denbora gutxira bigarren patruila autoa batu zaio hasieran zebilenari. Hala ere, ez da gora beherarik egon. Goizeko 10etarako, berriz, kontzentrazioa zeukan deituta Bulebarrean Leioako Greba Batzordeak. "Murrizketa sozialik ez! Ekainaren 29an greba orokorra!" irakur zitekeen pankarta atzean 75 lagun inguru batu dira.