Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak gaurko deitu duen Greba Orokorrarekin bat eginez, Sopelako San Pedro jaiek ezaugarri bereziak hartuko dituzte egungo jardunaldian. Izan ere, Sopelan, Euskal Herriko beste toki askotan bezala, San Pedro egun handia da eta beraz, grebak jaiarekin bat egin beharko du. Denda gehienak itxita daude jai eguna dela eta, kutxak ere bai, udal langileek ere jai eguna dute eta beraz, tabernak eta gozodendak baino ez dira zabalik geratu. Aurretik, sindikatuek eta tabernariek lanuzte partzialak hitzartu zituzten, "tabernarientzat jai hauek oso garrantzitsuak direlako". Hartutako konpromisoen arabera, 18:30ean eskualdeko manifestazioa Larrabasterrako Urgitxieta plazan abiatuko dute eta Sopelako kale nagusiak zeharkatu eta gero Udaletxeko Plazan ekitaldi bat burutuko dute. Bitartean, tabernariek 18:30etik 19:30era itxiko dute, mobilizazioarekin bat eginez. Ordu horretan aurreikusita zeuden jai ekitaldiak ere atzeratu dira eta manifestazioa eta gero burutuko dituzte,
Sopela.net-ek zabaldu duenez. Argazkian, iazko Greba Orokorrean Sopelako sindikatuek, hainbat kolektibok, ezker abertzaleak, EAk eta Berdeek egindako elkarretaratzea.