Aurreko greba orokorretan bezala, gaurko lanuzteen jarraipena ezberdina izaten ari da herritik herrira zein gunetik gunera Getxo udalerrian. Itzubaltzeta / Romon, Santa Eugenia plazako kultur etxea itxita egon da goizetik. Inguruan dagoen udal euskaltegian, berriz, irakasleen gelak baino ez zeukan argia. Hala ere, ez da horrela gertatu bestelako udal zerbitzuekin. Algortako Zabala kaleko herritarren arretarako bulegoa, kasu. Ohiko orduan zabaldu ditu ateak. Saltoki eta tabernei dagokienez, ohiko lez, Algortan zein Itzubaltzetan, goizeko lehen orduetan erdi itxita mantendu dute pertsiana hainbat saltokik, barrura sartzerik bazegoela. Horien artean, azken herri horretako Abra Seguridad segurtasun enpresakoa. Ordu horietan, ohi baino jende gutxiago ikus zitekeen Areetako metro geltokitik irteten. Hala ere, 8-10 minutuko maiztasunarekin zebiltzan trenak, gutxieneko zerbitzuek zehaztu bezala. Autobusak, berriz, gutxiago; baina beteta. Argazkian, ezker abertzalearen kartela grebara deitzen Banco Santander banketxeko erakusleihoan.