Euskal gehiengo sindikala "oso pozik" agertu da gaurko greba orokorrak izan duen "oihartzun handiarekin". Eusko Jaurlaritzaren arabera, ordea, sektore pribatuan %25eko jarraipena izan du eta %5ekoa Administrazioan. ELA, LAB, ESK, EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek plazaratutako ohar bateratuan adierazi dutenez, "greba egin duen enpresa kopurua eta lanuztea zenbatekoa izan den kontutan izanik, greba orokorrak arrakasta izan du sektore honetan". Denda txikietan eta ostalaritzan ere grebaren jarraipena "aski zabala" izan da, gaineratu dutenez. Toki-administrazioari dagokionez, besteak beste, Erandio eta Leioako udal langileek grebari emandako "babes handia" nabarmendu dute sindikatuek. Bestalde, Erandioko Loramendi adinekoen egoitzan gutxieneko zerbitzuak besterik ez direla izan esan dute. Horrelako zentroetan "aurrez egindako batzarretan bozketak lanuztearen aldekoak izan ziren, eta gaur hala ikusi da", nabarmendu dutenez.
Irakaskuntza eta garraioak
Irakaskuntzan, ikastetxe publikoetan, ikastoletan eta gizarte-ekimeneko eskoletan ikasturtea amaituta dago, baina euskal gehiengo sindikalak nabarmendu duenez, "sektoreko langile askok eta askok hartu du parte lau hiriburuetako mobilizazioetan". Bestalde, EHUn lanuzteak "erantzun handia" izan du; "ia eskaini den zerbitzu bakarra, azterketetarako gutxieneko zerbitzua izan dela". Haur eskoletan ere lanuztea oso handia izan omen da, "langileen %80 inguruk jarraitu baitute". Garraioen sektorean gutxieneko zerbitzuak bete dira. Besteak beste, Metro Bilbao enpresak lanuztearen jarraipena handia izan da, ELA, LAB, ESK, EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek adierazi dutenez.