Imanol Landaren ustez, CD-liburu horren argitalpena beste aurrerapauso bat da, "etorkizunari begira, argi uzteko Getxoko mugimendu musikalean pop-rock taldeek duten garrantzia". Landak gogora ekarri zuenez, “badira 30 urte Getxo Sound sortu zenetik, taldeek beraiek, Kultur Etxearekin batera, sortutako mugimendua. Hori oso errotuta egon zen, ez bakarrik gure udalerrian, Bilbo Handian ere. Horrek, Getxo Estatuko musika arloan maila gorenean jartzeko oso lagungarria izan zen". Orduan sortu ziren El Inquilino Comunista, Los Clavos edo Lord Sickness bezalako taldeak, hainbat jaialditan, kontzertutan eta lehiaketa musikaletan parte hartu zutenak. "Azken urte hauetan", gehitu zuen alkateak, “bertoko banden susperraldia agertu da eta horiek, Kultur Etxearen laguntzaz, estudioetan grabatutako lanak argitaratu ahal izan dituzte. Talde horien artean daude, besteak beste, Sweet Oblivion, We Are Standard, Iraultza, Smile edo Zodiacs; eta horien abestiak ere CD-liburuan jasoko dira. “Getxo Sound-Sonido de Getxo” izenburupean, 80eko hamarkadaren hasieran eta 2009 urte artean indarrean egon ziren udalerriko 50 bat talderen kantak jasoko ditu lanak. Banda horietako batzuk jotzen jarraitzen dute oraindik. Udal iturriek adierazi dutenez, hasiera batean, mila ale argitaratuko dira eta; zabalpen lana egiteko, besteak beste, hedabideen, liburutegien, udal artxibategien eta talde parte-hartzaileen artean banatuko dira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.