Astrabuduako Kössler Iberica enpresako orubean etxebizitza handiak eraikitzeari buruz, EAJk aurkeztutako proposamenarekiko desadostasuna agertu du Erandioko PSE-EEk. Juan Otermin tokiko sozialisten bozeramaileak adierazi duenez, hori onartuz gero, hitzarmena onartuz, 254 etxebizitza (108 askeak, babes ofizialeko 88 eta 64 tasatu) eraikitzeko baimena emango diote Mercantil Mendibai Promociones Inmobiliarias enpresari, "hori guztia 12.850 metro koadroko orubean". Gaineratu duenez, bertan, "bost bloke handi eraiki nahi dituzte 6 eta 15 solairu artekoak; eta seigarren bat, txikiagoa, ekipamenduetarako". Orubearen kalifikazioa aldatzearen alde agertu da Erandioko PSE-EE, bizitegi-gune moduan erabiltzeko. Baina, ez du "bidezkotzat" jotzen "Astrabuduan horrelako dorreak eraikitzea". "Hirigintza homogeneotasuna oinarri zuen akordio politikoa apurtzen du planteamendu horrek, ez delako bidezkoa Astrabudua Manhattan txiki bat bihurtzea", kritikatu du Oterminek. Gauzak horrela, proposamen hori bertan behera uztea eskatu du. Bestela, horren kontrako alegazioak aurkeztea aztertuko dute. Argazkian, Juan Otermin.