Ia hiru urteren buruan, Gorliz eta Plentziako hondartzen egokitzapen lanak bukatutzat eman ditu, gaur goizean tokian bertan egindako ekitaldiaren bitartez, Elena Espinosa Espainiako Ingurumen ministroak. Bi fasetan egindako obra horietan 10 milioi euro baino gehiago gastatu ditu Madrilgo Gobernuak. Proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, "guzti horrek hondartzaren ezaugarri naturalak berreskuratzea ahalbidetu du". Gainera hondar gunea pixka bat handitzea lortu dute. Horrenbestez, hareatza eremua 61.475 metro koadro zabaldu dute. Erdigunea orain, 70 metrorainokoa da. Horretarako, duela ia ehun urte hondartza zati bat jan zuen errepidea, ospitale ondoko dikea eta inguruko ostalaritza tokiak (bi baino ez dituzte utzi) kendu dituzte. Eremu guzti horiek eraitsi dituzte eta hondartzaren parte izatera pasa dira. Argazkian, bainulariak Gorlizen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!