Horrela, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar, izango dituzte eskura terrazetara hurbildutakoek. Halaber, eguneko prentsa, tartean "Berria", ere aurkitu ahal izango dute. Azken finean, udarako eta, bereziki haurrentzat aproposak diren irakurgaiak kaleratzea da ekimen horren helburu nagusia, arduradunek adierazi dutenez.
Udako liburutegiez gain, Getxoko Joko eta Letren Terrazak aisialdirako guneak dira eta bertan, haurrek irakurtzea eta beste hainbat jarduera uztar ditzakete egun osoan zehar, hainbat begiralez gainbegiratuta. Aurten, liburutegiek eskaintza hori bultzatu nahi dute astelehenetik ostiralera eta, hori dela eta, zenbait jarduera izango dira: eskulan-tailerrak, antzinako jokoak eta mahai-jokoak. Terrazak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik honako ordutegi honetan: 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.
Bestalde, bigarren urtez, Udako Liburutegien eskaintza osatzeko, irakurtze-gune bat kokatuko da Algortako Fadura kiroldegian. Bertan, postu bat kokatuko da eta erabiltzaileek, euskarazko eta gaztelaniazko 200 bat liburu irakurtzeko aukera izango dute.