Zazpigarren urtez jarraian, “Hondartza Denontzat” programa jarri du abian Bizkaiko Foru Aldundiaren
Ingurumen Sailak.
Bidaideak elkarteak eta Heldu federazioak sustatuta, "herritar guztiei hondartzaz gozatzeko aukera ematea eta ezintasuna edo mugikortasun urria dutenei eskubide hori bermatzea" da ekimenaren helburua, foru iturriek zehaztu dutenez. Horretarako, Bilbao Bizkaia Kutxaren zein
Getxo,
Plentzia, Lekeitio, Muskiz, Zierbena eta Ibarrangeluko udalen laguntza dute. Egitasmoa abuztuaren 31ra arte egongo da indarrean, asteko egun guztietan, etenik gabe, 11:00etatik 18:30era, Ereaga (Algorta), Plentzia, Isuntza (Lekeitio), La Arena (Muskiz / Zierbena) eta Laida (Ibarrangelu) hondartzetan. Aldundiaren arabera, "kokapena, irisgarritasuna eta demografia izan dira arrazoiak hondartza horiek aukeratzeko zerbitzu hau emateko orduan". Edizio honetan, 4.500 bat pertsonari eman ahal izango zaie laguntza: nagusiki, ezintasuna duten pertsonak eta adinekoak izango dira. Hori dela eta, hareatzetan erabiltzeko berezia den ekipamendu tekniko oso bat jarriko da kolektibo horien eskura, baita programa behar bezala gauzatzen dela ziurtatzeko behar diren azpiegiturak eta laguntza pertsonalerako zerbitzuak ere. Argazkian, lagun bat begiraleek lagunduta, bainua hartu ostean / Bidaideak.