Udalbiltzaren aurkako epaiketa uztailaren 15ean hasiko da Madrilen. Auzipetuei elkartasuna adierazteko eta nazio instituzioaren "zilegitasuna eta beharra" aldarrikatzeko herriz herri Bai Udalbiltzari babes taldeak sortu dira eta udaletan mozioak aurkezten ari dira. Getxon ere babes taldea martxan dago eta bertan parte hartzen ari dira Eusko Alkartasuna, Aralar, Ezker Abertzalea eta Alternatiba. Besteak beste, sinadurak batzen hasi dira elkarte (pdf) eta norbanakoen (pdf) artean. Nahiz eta Getxoko EAJk joan den astean aurkeztutako mozioa ez babestu, ondokoa jasotzen da izenpetzeko idatzian: "1999ko azaroko osoko bilkuran Getxoko Udalak bere egin zituen Udalbiltzaren helburuak, egitasmoak eta izatea, eta bertako kide izateko borondatea adierazi zuen". Jelkideek ere baiezkoa eman zioten horri.
Mozioari dagokionez, eskaera zehatzak hauexek izan dira:
1. Aldarrikatzea 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.
2. Konpromisoa hartzea, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.
3. Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.
Plentzian, berriz, Udalbiltzaren aldeko bideoa egin dute: