Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Saltillo eskola-ontzia igande honetan irtengo da, goizeko 11etan, Santurtziko kirol portutik, eta horrela hasiko du euskal kostaldeko portuetan zehar udan egin ohi duen itsasaldia. Bidaia toki berean bukatuko dute uztailaren 18an, Lekeitio, Donostia, Hondarribia, Donibane Lohitzune, Getaria eta Bermeon geldialdiak egin ondoren. EHUko iturriek gaur adierazi dutenez, antzinako belaontzian Mikel Lejarza kapitaina eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko 14 ikasle joango dira. Ikasleek nabigazio praktikak egin eta gizarteari bela mundua hurbiltzea dira itsas-ibilaldiaren helburuak. Bigarren helburu hori betetzeko, ontziaren ateak irekita egongo dira Lekeitio, Getaria eta Bermeoko portuetan. Argazkian, Saltillo belaontzia / © EHU.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!