1950ean jaio zen Dee Dee Bridgewater eta, jarduera profesionala Thad Jonesekin eta Mel Lewisekin hasi ondoren, jazzeko musikari ospetsuen taldeetan aritu zen elkarlanean: Max Roach, Dizzy Gillespie, Sonny Rollins eta Dexter Gordon. Broadwayko "The Witz" musikalean lan egin zuen, eta horri esker, Tony antzerki sari garrantzitsua eskuratu zuen; "Lady Day" lanean Billie Holiday interpretatu zuen, eta "Sophisticated Lady" musika-errebistan lan egin zuen, Duke Ellingtonen musikarekin. Parisen bizi da 80ko hamarkadaren erdialdetik. Disko ugari eta garrantzitsuak grabatu ditu, eta horietan Nancy Wilson eta Sarah Vaughan abeslarien estiloa nabaritzen da. 1997an Grammy sari bat irabazi zuen, Ella Fitzgeraldi egindako omenaldian.
Dee Dee Bridgewater ahots-jazzaren munduan historia egiteko bidean dago. Askotan jazza beste estilo garaikide batzuekin lotzen du. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik emakume kantari aipagarrienetako bat da. Kantariaren errepertorioa, funtsean, jazz estandarrei dagokie, baina etengabe arriskatzen du interpretazio-inprobisazioan, batez ere zuzeneko emanaldietan. Bihar, Getxon, bere azken lanaren kantak interpretatuko ditu, “Eleonora Fagan (1915-1919)”, hain zuzen ere, Billie Holiday abeslari handiari omenaldia dena.
David Sanborn
David Sanbornek (1945, Tampa, Florida) oso gaztea zela poliomielitisa izan zuen, eta saxofoia medikuak aholkatuta jotzen hasi zen, biriketako gihar ahulduak sendotzeko eta modu horretan arnasketa hobetzeko. Lehenengo urratsak musikari gisa Saint Louis inguruan eman zituen eta garai hartan jazzean bidea urratzen ari ziren musikariak ezagutu zituen, Randy Brecker eta Keith Jarrett, hain zuzen ere.
Ikasketak zirela eta Chicagora joan zen eta abangoardiako musikariekin jo zuen, hala nola Roscoe Mitchell, Lester Bowie eta Julius Hemphillekin. Ondoren Iowako Unibertsitatera joan zen, eta bertan Dale Oehler piano-jotzailea ezagutu zuen eta biek batera Tom Davisen taldean jo zuten. 1967an San Franciscon ezarri zen, eta Philip Wilson bateria-jotzaileak kontratatu zuen. Azken horrekin egin zituen lehen grabazioak. Gero urte eta erdian Stevie Wonderrekin jo zuen, eta 1973an Gil Evans moldatzaile handiaren orkestran sartu zen. Orkestra horretan zegoela egin zen ezaguna talentuzko musikari moduan.
Ordutik hona, bere jarduera etengabe Artista ezagunen alboan aritu da, jazzekoak zein pop eta rockekoak, hala nola Eric Clapton, Roger Daltrey, Stevie Wonder, Paul Simon, Jaco Pastorius, the Brecker Brothers, David Bowie, Chick Corea, Bruce Springsteen, Little Feat, Bob James, James Taylor, Al Jarreau, George Benson, Joe Beck, Donny Hathaway, Elton John, Gil Evans, Carly Simon, Gurú, Linda Ronstadt, Billy Joel, Roger Waters, Steely Dan, Ween, The Eagles...
1975ean "Taking Off" bere lehenengo diskoa argitaratu zuen, eta 2010ean "Only Everything". Bi lan horien artean 20 disko kaleratu ditu lider moduan, eta Grammy sariak eskuratu ditu "Voyeur", "Double Vision" eta "Close Up" instrumentalarekin. Zinemarako eta telebistarako musika ere konposatu du. Getxon , hirukotean ariko da Sanborn, Joey de Francescok (organoa) eta Gene Lakek (bateria) lagunduta.