Eusko Ikaskuntzak eta
Plentziako Udalak Tokiko Historia Jardunaldien hirugarren edizioa antolatu dute, "
Plentzia eta Uribe Kostako historia, 1800-1900" izenburupean. Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, topaketak Plentziako Goñi Portal kultur etxean izango dira bihartik ostiralera bitartean. Jardunaldi horietan Plentziako eta Uribe Kosta eskualdeko XIX. mendeko historia landuko dute. Bertan sei hitzaldi izango dira. Antzinako Erregimenetik Liberalismora egindako aldaketa aztertuko dute. Izan ere, "Plentzia, itsasoko portua zenez, hiri burgesia berriaren eskutik etorritako europar kultura liberalaren lekukoa izan zen", adierazi dute antolatzaileek. Jardunaldietan izango diren hizlarien artean David Crestelo (Plasentia de Butron Museoa), Gonzalo Duo etnografoa eta historialaria (Eusko Ikaskuntza); eta Joseba Agirreazkuenaga, Itsaso Ibañez, Arantza Pareja eta Jose Maria Beaskoetxea EHUko irakasleak daude. Ekitaldien sarrera doakoa izango da. Argazkian, Plentziako udaletxea.