Xabier Amuriza eta Kepa Junkerarekin kaleratu du "Betibizi" diskoa Leioa Kantika Koralak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 6a, 22:29

Xabier Amuriza bertsolariaren gidaritzapean, dantzarako melodia klasikoak eta Bizkaiko kopla zaharrak bildu ditu "Betibizi" diskoan Leioako Kantika Koralak, Kepa Junkeraren trikitixak lagunduta. Hiri Records diskoetxearekin grabatu dute. Lan berriak Bizkaiko aspaldiko 12 kanta batzen ditu, euskal kultura, abesbatzen mundua eta musika elektronikoa uztartuz. Amurizak bildu eta egokitu ditu koplak, Kantikak abes ditzan. "Aita San Migel", "Ipiñaburu leku altuna", "Aitite mercurio", "Zozoa kantetan", "Horra goiko landetan", "Aiko Juaniko Olabarriko", "Antonio Gotilla", "Matxalen Busturiko", "Kantetan biher dot hasi", "Trikiti txainia", "Soldadu noa soldadu" eta "Gaztaina koloreko" dira bertsolariak bildu dituen 12 doinu ezagunak. Abesbatzak eta Amurizak berak jartzen diote ahotsa kopla bakoitzari, eta ohi ez bezala kantatzen dituzte doinuok. Moldaketa berri horietarako, Bizkaiko dantza doinuak eta Kepa Junkerak konposatutako erritmoak erabili dituzte. Jose Luis Canal dute pianoan eta teklatuetan lagun, eta Bilboko trikitilariaren eskutik datorkigu proiektu honetako trikitixa eta perkusioa. Argazkian, Leioa Kantika Korala / © Leioa.net.

Xabier Amurizak ETBn Hasier Etxebarriak gidatzen duen "Sautrela" literatur saioan "Euskara batuaren bigarren jaiotza" liburua aurkezteko emandako elkarrizketaren bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun