Getxo udalerriko ostalaritza establezimenduek terrazak jartzeko aurkeztutako eskakizunak %10 baino gehiago areagotu dira azken sei hilabeteotan, udal iturriek jakinarazi dutenez. Emandako datuen arabera, gaur egun 67 terraza daude eta horietatik 11 estaliak dira, zoruari itsatsita dauden egiturekin eta alboetako babesgarriekin. Horri esker urte osoan erabili ahal dira terrazak. “Herritarren eskaerari erantzuna ematen diogu; jarri diren terraza horien erabilpena ikustea baino ez dago Itzubaltzeta / Romo, Areeta eta Algortako erdiguneetako oinezkoentzako alde nagusienetan”, adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. Gainera, 2010ean indarrean sartutako arautegi berriari helduz, taberna eta jatetxe ez diren beste saltoki batzuk ere, hala nola, izozki-dendek, gozo-dendek eta pizzeriek... terraza ipin dezakete. Horien ordutegia ordubetez luzatu dute, gauerdiko 12ak arte, ostiral eta jaiegun bezperatan; baita udaldian ere, ekainaren 1etik irailaren 30era arte. Aldaketa horren bitartez, "terrazen erabilera eta herritarren atsedena bateragarri" egin nahi dute. Urteko gainontzeko egunetako ordutegia 09:00etatik 23:00etara izaten da. Argazkian, Algortako taberna ezagun bateko terraza / © Getxo.net.