Berangon ere Gobela ibaia bideratzeko lanak egitea eskatu dio Uraren Euskal Agentziari tokiko Udalak, etorkizunean uholde arriskua ekiditeko. Horretaz gain, ibilgu eta ibaiertz guztiak garbitzea eskatuko dute. Plan hidrologikoak udalerriak pairatzen dituen arazoak kontuan hartzea nahi dute tokiko erakundean ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek (EAJ, PP, EA, PSE-EE eta Ezker Batua). "Milagarren aldiz", uztailaren 16an uriolen ondotik egin dute eskaera. Eurite indartsuen ondorioz, Sabino Arana zeharbideko oinezkoentzako pasabidearen alboan gainezka egin zuen Gobelak, bizitegi-guneetako lurrak urez betez eta Sabino Arana Etorbideko eta ondoko kaleetako etxebizitza, industria eta saltokiak mehatxatuz. "Halaber, Gobelako ibaiadarrak diren Bolue eta Itze errekek euren ibilguen ertzak gainditu zituzten, Larrañazubi eta Ugao bideetan etxeak, dendak, garajeak eta plantazioak urpetuz", Ura agentziari igorritako gutunean nabarmendu dutenez. Argazkian, Zubilleta inguruan ere gainezka egin zuen Gobelak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!