Espainiako futbol selekzioaren 100 bat zale motor eta auto karabanan irten ziren atzo, asteazken gauean, Areeta eta Neguritik. Harrotasun espainolaren eguneko jaia egingo bazuten bezala, "ni naiz espainola" etengabe oihukatuz eta klaxonak joz ospatu zuten haien futbol taldea historian lehenengo aldiz Munduko Futbol Kopako finalera heldu izana. Izan ere, espainolek Alemania garaitu zuten Hego Afrikan, Carles Puyol katalanak sartutako gola dela medio, eta Herbehereen aurka jokatuko dute kopa igandean. Espainolisten ohiko topagunea den Neguriko Regoyos biribilgunetik irten zen karabana, bertan 200 bat pertsona batu zirela, Espainiako banderak sostengatuta. Ondoren, Areetara joan ziren, tartean aldiro-aldiro trafikoa moztuz, abiapuntura bueltatzeko. Dena den, Getxoko Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren babesa izan zuten ibilbidean. Karabanako partaideen arabera, hainbat ezezagunek botilak eta harriak bota ei zizkieten eta hori dela eta poliziek eskolta eman omen zieten. Bestalde, Areetako hainbat auzokidek salatu dute espainolista batzuek atso zahar bati eraso egin ziotela, horrek "Gora Euskal Herria askatuta" oihukatu zielako. Argazkian, hainbat zale espainol 2008an, Eurokopa irabazi izana ospatzen.