Bolueko futbol zelaiak lehiaketa ofizialak hasterako prest egongo dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 9a, 22:56

Algortako Bolue 1 eta 2 futbol zelaiak prest egongo dira irailaren amaieran hasiko den futbol denboraldi ofizialerako. Getxo Kirolak udal erakundeak jokalekuen belar artifiziala zaharberritzen ari da, 13 urteren ostean. Belar naturalaren ordez artifiziala ipini zuen Bizkaiko kirol instalazioen artean lehenengoetarikoa izan zen hori. Zelai horietako belarra aldaketaz gain, ezaugarri berdineko beste zelai bat jarriko dute, Fadurako antzinako lur zelaian kokatuko dena. Gauzak horrela, Arrautzaldeon, Iturgitxi, Getxo, Andra Mari, San Nikolas ikastola eta Bizkerre taldeek aurre denboraldirako erabilgarri izango dute gune berri hori eta gainontzeko instalazioak. "Horrela, lehiaketa ofizialak era onenean prestatu ahal izango dituzte", adierazi dute Udalekoek. Argazkian, bi neskato Bolueko zelaietan jolasten.

Atletismo pista berritzeko lanei dagokienez, gunearen aurre-indusketa lanak bukatu dira eta, Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloari jarraituz, zoruaren bigarren azterketa egin dute. Behin-betiko txostenak aldekoak badira, Fadurako atletismo pista berria irailaren amaierarako bukatuta egongo da, udal iturrien arabera.

Ostalaritza zerbitzu berria

Azkenik, azpimarratu behar da ekainaren 16an jasandako euri jasek Fadurako ostalaritza zerbitzu berriko sotoa urez bete zutela. Urak zirkuitu elektrikoetan kalteak eragin zituen eta horiek aldatzen ari dira orain. Horrek zerbitzuaren irekieraren atzerapena ekarri du. Horrekin batera ludoteka ere laster egongo da prest erabiltzaileentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun